Baionan, Iruñean eta Eibarren iraganen dira ikastaro gehienak. Hogei ikastaroak ekainaren 11tik uztailaren 11ra bitartean eskainiko dituzte, eta jardunaldietako bat irailera zabalduko da.
Ekainaren 11tik uztailaren 11ra hogei ikastaro eskainiko ditu UEU Udako Euskal Unibertsitateak. Usaian bezala Iruñean, Eibarren eta Baionan iraganen da eskaintzaren zati handiena, baina aurten, berrikuntza gisa, Tolosa, Usurbil, Bilbo, Gasteiz eta Errenteriara ere zabalduko dute egitaraua. Ahalik eta jende gehienak parte har dezan xede izanki, hamar euro balioko du izen emate orok.
Hasiera-ekitaldia Bilbon eginen dute ekainaren 11n, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian, UEUrentzat estrategikoa den gai bat lantzeko helburuarekin: “Inguma, 25 urtez euskal komunitate zientifikoaren ispilu”. Orain dela 25 urte, UEUk Inguma datu-basea abiatu zuen. Urte hauetan, unibertsitate-mailako zientzia- eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa dokumentatu du, hau da, euskaraz zer egin den eta nork egin duen jaso du. Urteurrena baliatuz, beraz, lanabes horri buruzko jardunaldia antolatu dute. Euskal komunitate zientifikoarekin batera, Ingumak egin duen ekarpena aztertuko da bertan, baita beste hizkuntza gutxitu batzuek egindako lana ezagutu ere.
Baionan hiru ikastaro eginen dira aurten. Uztailaren 4ean Hizkuntzalaritza Klinikoko II. jardunaldia eginen dute, uztailaren 7tik 8ra Irakasle irakurzaleen topaketa eginen dute Bernart Etxepare lizeoan, eta azkenik, uztailaren 8an OpenRefine bidez argazkiak Commonsera masiboki igateko tailerra eskainiko dute.
Udako Ikastaro hauek lankidetzan oinarritzen dira, eta hainbat eragilerekin batera antolatu ditugu aurten
Jardunaldi oro neurrira egindakoak dela azaldu du UEUren Udako Ikastaroen arduradunak: «Udako Ikastaro hauek lankidetzan oinarritzen dira, eta hainbat eragilerekin batera antolatu ditugu aurten: Kontseilua, JAKIN, GEZKI ikerketa-taldea, Iratzar Fundazioa, ALDEE... Eta jende multzo zabalak izena eman dezake bertan: alorreko profesionalak eta adituak, gaian interesa duenak eta azken finean, euskaldun guztiek».
UEUko ikastaroak:
Ekainak 11. Inguma eta euskal komunitate zientifikoa, Bilbon.
Ekainak 12. Egungo gizarte aldaketak eta euskararen arnasguneak, Tolosan.
Ekainak 13. Taupada atzerakoiari Euskal Herrian nola aurre egin, Eibarren.
Ekainak 17. Gizarte Ekonomiako ikertzaileen topaketa, Eibarren.
Ekainak 19. Kooperatibismoari buruzko saio bat eta irizpide agroekologikoei buruzko beste bat, Usurbilen.
Uztailak 25. LGTBI eta nerabezaroa, sexuen hezkuntza eta haur eta gazteen estimua, Iruñean.
Ekainak 26. Filosofo Euskaldunen II. Bilkura, eta pentsaera konputaziola eta informatikaren oinarriak, Iruñean.
Ekainak 30. Euskararen periferiak eta gaur egungo Euskal Herria kolonialismoaren emaitza ote den, Gasteizen.
Uztailak 1. Hezkuntza inklusiboa al den eta berrikuntza pedagogikoak, Eibarren.
Uztailak 3. Informazio kudeatzaileen XI. bilkura, Eibarren.
Uztailak 4. Hizkuntzalaritza klinikoko II. jardunaldia, Baionan.
Uztailak 7. Literaturaren irakaskuntza Bigarren Hezkuntzan, Baionan.
Uztailak 8. Argazkiak eta Commons, Baionan.
Uztailak 10. Euskal literaturaren eta arte garaikidearen irakurketa feminista eta queerra, Eibarren.
Uztailak 11. Eraldaketako teoriak zorrozten, Errenterian.
Irailak 11. Analitika digitala euskal komunikabideetan, Eibarren.