Igandean jokatzen zen Gazte Xilabako finala Itsasuko Sanoki gelan. 100 bertsozalek betetako gela baten aitzinean, Unax Aizpurua Ibargarai da txapeldun izendatua izan. Bere aldetik Johane Larre Salaberryk “Bertso Izarra” sari berezia errezibitu du.
Atzo goizean Itsasuko herria bete betea zen, turistaz eta bertsozalez. Gerezi bestatik urrun, 100 bat bertsozale elkartu ziren Sanoki gelan, Gazte Xilabako finalaren kari. Saio eder baten ondotik, Unax Aizpurua Ibargarai da txapeldun izendatua izan. Euskal Herriko eskolarteko finalerako sailkatu dira hiru probintzietako bost gazte. Ekainaren 13an Iparraldea ordezkatuko dute Arantzan iraganen den finalean.
Oren bateko saiotik landa, Gana Berhokoirigoin Zubeldia seigarren lekuan sailkatu da, Leina Alkhat Larrandaburu bostgarrenean, Amaiur Aizpuru Eskisabel laugarrenean, Johane Larre Salaberry hirugarrenean, Nahia Etxeverri Lopepe bigarrenean, eta Unax Aizpurua Ibargarai lehenean. Azken honek du txapela jantzi beraz, Maddi Ane Txoperena Xilabako txapeldunak emanik. Bestalde, sariketa berezia izan da ere, “Bertso Izarra”, Johane Larre Salaberryk jaso duena.
Unax Aizpurua Ibargarai txapelduna eta Johane Larre Salaberry Lapurditik, Nahia Etxeverri Lopepe eta Gana Berhokoirigoin Zubeldia Baxe Nafarroatik, eta Leina Alkhat Larrandaburu Xiberotik: hara zein bertsolarik Iparraldea ordezkatuko duten Euskal Herriko finaletan heldu den ekainaren 13an Arantzan.