Diru bilketa kanpainaren bidez, EHLGk bere jarduerak iraunarazteko eta laborariak trantsizio berrietan laguntzeko baliabideak bildu nahi ditu. Diru bilketari doakion komunikazio berezia urriaren 12tik azaroaren 22ra eginen dute.
Uraren gaia izanen da Euskal Herriko Laborantza Ganbararen, EHLG-ren, aurtengo diru bilketa kanpainaren ardatza. 'Ama ura zaindu' lelopean. EHLGren arabera, aurtengo uda, beroaldi goiztiarra, lehortea eta ur eskasiarekin, laborantzaren ereduak eta urarekiko harremana berriz pentsatzeko beharra erakutsi du. Gai bera izanen da Lurramaren ardatza ere, azaroaren 6tik 8ra.
EHLGk gogorarazi du ura laborantzaren erdigunean dela, eta klima aldaketarekin uraren eskasia areagotuko dela. Laborariei egokitzen lagundu nahi die, uraren erabilera neurritsua eta baliabide naturalen babesa sustatuz. Horretarako, besteak beste, lurraren emankortasuna eta ura atxikitzeko gaitasuna hobetzeko praktikak, dibertsifikazioa eta estaldura begetalak bultzatzen ditu. Uraren eta lurraren arteko lotura ere azpimarratzen du EHLGk: zola osasuntsuek euri ura atxikitzen laguntzen dute.
Diru bilketa kanpainaren bidez, EHLGk bere jarduerak iraunarazteko eta laborariak trantsizio horietan laguntzeko baliabideak bildu nahi ditu. Elkarteak 800 emaile baino gehiago ditu gaur egun, partikular eta enpresen artean, eta sostengu gehiago bildu nahi ditu. Jakin EHLGko buxetaren %10 errepresentatzen dutela pribatuen dohaintzek. Diru bilketari doakion komunikazio berezia urriaren 12tik azaroaren 22ra eginen dute. Dohaintzak edonoiz egiten ahal dira EHLGren webgunearen bidez.