Atzo, 20:30ak irian, Miarritzeko itsasargiaren lurmuturreko erlaitza zati bat itsasora erori zen. Hor berean urpekaritzan ari ziren lau lagun. Bi onik atera ziren, baina 33 urteko emazte bat zendu zen, eta 34 urteko gizon bat desagertua da.
Luizi larria izan zen atzo arratsean Miarritzen, 20:30ean itsasargia hartzen duen lurmuturreko erlaitzaren zati handi bat itsasora erori zenean. 2.000 metro kubo arroka jauzi ziren bat-batean, eta azpian urpekaritzan ari ziren kirolariak ustekabean harrapatu zituen. Bilana negargarria da: 33 urteko emazte bat hilik atera zuten uretatik sokorri zerbitzuek, 22:45ean, eta 34 urteko gizon baten bila ari dira oraindik ere. Atzo ez zuten atzeman, eta gauean bilaketak eten ostean, gaur 8:00tan hasi dituzte berriz ere.
Bi urpekari horiez gain, bertze bi ere ari ziren gune berean, Pirinio Atlantikoetako suhiltzaileek gaur goizaldean adierazi digutenez. Haien kabuz atera ziren uretatik, kalte fisikorik gabe, baina "shock handiarekin"; arreta psikologikoa emanen diete.Miarritzeko webcam batek hala jaso zuen erorketaren irudia. EZEZAGUNA
Berote betean, hondartza beteak
Erlaitzaren azpian den Bernain hondartzarako sarbidea debekatua da berez, luizi arriskuengatik. Haatik, itsas kirolak egiten ari zen jende andana, berotetik ihesi, arratsean tenperaturak doi bat freskaturik. Miramar hondartza ere ondo-ondoan da, eta hura jendez mukuru zen istripua gertatzean. Bertan ziren lagunek eman zieten sokorriei abisua. 40 bat suhiltzaile, droneak eta jendarmeriaren helikopteroa ibili ziren atzo bilaketa eta sokorri lanean. Gaur, 8:00tan hasi dute berriz ere operazioa.