Donibane Lohizune (Lapurdi)

Donibane Lohizuneko zubia blokatu dute Hego Lapurdiko 50 laborarik, DNKren neurrien aurka

Igande honetan, abenduaren 14an, eguerdi irian, Hego Lapurdiko laborariak trafikoa trabatzen hasi dira Urruña eta Donibane Lohizune artean. Berrogeita hamar bat traktorek osatutako karabanak trafikoa moztu du.

Donibane Lohizuneko zubia blokatu dute Hego Lapurdiko 50 laborarik, DNKren neurrien aurka
Behi tropa osoak garbitzea "sarraskia" da Hego Lapurdiko laborarientzat. ANTXETA IRRATIA
Erredakzioa
2025/12/14 13:37

Urruñako eta Senpereko eskualdeetako laborariek parte hartu dute mobilizazioan. Traktoreak bat bestearen gibeletik jarriz, auto metaketa luzeak sortu dituzte Donibane Lohizune arte, eguerdi irian. Ez zen sindikatuen banderolarik ikusi, eta parte-hartzaileak A64ko blokeo gunera joaterik ez zuten laborariak ziren, autobidea okupatzen baitute egunotan Coordination Rurale 64 eta ELB sindikatuek. Hala ere, arratsaldeko 16:30ak aldera, haietako batzuk Beskoitze aldera hurbilduko direla erabaki dute.

Manifestazioa giro lasaian egin da, nahiz eta trafikoan zenbait traba sortu dituen. Eguerdi inguruan, karabanak geldialdia egin du Donibane Lohizuneko irteeran. Orduan, Jendarmeria bertaratu da. Ondoren, traktoreak hirigunera abiatu dira, eta horrek ere zirkulazio arazoak eragin ditu.

Aldi berean, A64 autobideko blokeoak jarraitu du igande honetan ere, laborariek adierazi dute ez dutela kanpalekua altxatuko Gobernuak dermatosiaren gaitza agertzen denean behi tropa osoa hiltzeko protokoloa indarrean mantentzen duen bitartean.

Larunbat arratsaldean, Pirinio Atlantikoetako prefeta bi orenez bildu zen Coordination Rurale sindikatuko ordezkariekin. Hauek eskatu zioten, haien aldarrikapenak hilketa selektiboari buruz Ministerioari helarazteko. Prefetak, astelehen arratsaldean Pauen Confédération Paysanne eta ELB sindikatuko ordezkariekin bilkura egitekoa du.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu