Urruñako Ikastolak salatu du Herriko Etxeak 22.000 euroko izaera sozialeko laguntza hiru urtean kentzea eta haur bakoitzeko prezio finko komunala apaltzea aurreikusten duela. Neurriak abenduaren 7an bozkatuko dituzte.
Urruñako Herriko Etxeak elkarteei ematen dizkien dirulaguntzen murrizketek eztabaida piztu dute herrian. Ikastolak deiturik, hamarnaka sustengu hurbildu dira Herriko Etxe aitzinean gaur arratsean, aurreikusten diren mozketak salatzeko.
Atzo Sébastien Etchebarne auzapezarekin bildu dira eskoletako ordezkariak. Ikastolaren arabera, 22.000 euroko izaera sozialeko laguntza hiru urteko epean desagerraraztea eta haur bakoitzeko forfait komunala apaltzea aurreikusten du gehiengoak. Neurri horiek hezkuntzaren kalitateari, haurren ongizateari eta euskararen transmisioari eraginen dietela ohartarazi du.
Murrizketak abenduaren 7an bozkatuko dituzte Herriko Kontseiluan. Ikastolak herritarren babesa eskatu du, eta mobilizazio nagusia egun horretan eginen du, Herriko Etxearen aitzinean. Auzapezak ez du gaiaz iritzirik eman nahi izan, erabakia bozkatu arte.
