Urruñako Herriko Kontseiluan, elkarteei emandako diru-ekarpena 26.000 euro murriztu dute, besteak beste euskararen aldeko elkarteei ere eraginez, eta «sakrifizioa partekatzeko» eskatuz. Horrek eztabaida piztu du elkarteen artean.
Astearteko Herriko Kontseiluak eztabaida piztu du Urruñan. Bilkuran aurtengo behin-behineko aurrekontua onartu dute, kontuak nola edo hala orekatzeko helburuz. Sébastien Etchebarne auzapezak elkarteei ere «sakrifizioa partekatzeko» eskatu die, eta horrek sortu du polemika handiena: elkarteei emandako diru-ekarpena 26.000 euroz murriztu dute. Adibiderik argiena Seaska da, eta harekin batera Urruñako Ikastola; izan ere, haien dirulaguntza %89 murriztu da, 22.500 eurotik 2.500 eurora. Ikastolak prentsa-ohar batean erabakia salatu du, ulergaitza dela azpimarratuz: «Nola zilegitu diskurtso arduratsua, agintariek beraiek ez badute austeritatea beren gain hartzen?», galdetu du, eta gaineratu du hautetsien indemnitateak handitu egin direla.
Sébastien Etchebarne auzapezak, bere aldetik, neurriak negoziagarriak direla azpimarratu du, beharren arabera moldatzeko prest dela esanez. Bestalde, ukatu egin du bere soldata igo izana, eta azaldu du kostaldeko turismoari lotutako dirulaguntza bat baizik ez dutela desblokeatu, «aitzineko agintaldian bezala». Azaldu duenez, harremanetan dira Seaskarekin aterabide bat atzemateko.
Ikastolak egiteko modua ere salatu du. Batez ere, auzapeza beste elkarte batzuekin aurretik bildu izana. Seaskak beranduago izan du horren berri, Mikael Alcibar Urruñako Ikastolako lehendakariak ziurtatu duenez. Horrek Herriko Etxearekiko zuten harremana «zalantzan jartzen du».
Azpimarratzekoa da Seaska, agian kasurik adierazgarriena bada ere, ez dela bakarra. Hala, euskalgintzako hainbat elkarteren laguntzak ere murriztu egin dira, Plazara edota Euskal Konfederazioa. bezala. Beste eragile batzuenak ere bai: besteak beste, Itsas Mendi Zinema eta Urruñarrak Omnisport elkarteek beherakada nabarmena izan dute.