Baionako Xaho kaitik abiatuko da manifestaldia, arratsaldeko hiruretan. Aurtengo ekainean matematikako baxoa euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzen du Seaskak.
Joan den astelehenean iragarri zuten, eta hala izanen da: manifestaldia deitu du Seaskak heldu den asteko larunbaterako, baxoa euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzeko. Astelehenean Ipar Euskal Herriko legegileek eta EEPk Frantziako hezkuntza ministroarekin izan bilkuran ez zuten aurten berriz egiten hasiko den matematikako baxoa euskaraz izatea lortu, 2019ra arte euskaraz egin bazitekeen ere. Horrez gainera, ahozko handia eta berezitasunetako frogak ere euskaraz nahi ditu Seaskak, eta ez dira ministerioaren jarrerarekin kontent. "Hitz ederrez haratago, ekintzak" galdegiten ditu ikastolen federazioak, "berehala".
Hala, lehentasunezkoa da Seaskarentzat aurtengo ekainean leheneko ikasleak egiten hasi beharko diren matematiketako froga euskaraz erantzun ahal izatea. 2021eko baxoko erreformaren aitzinetik hala egin zezaketen ikasleek, eta Seaskak dioenez araudirik ez da azterketaren hizkuntza zehazten duenik. Hartaz, zuzentzaile euskaldunak biltzearekin aski litzateke, eta zuzentzaileen zerrenda helarazia dio euskarazko irakaskuntzak Bordaleko Akademiari.
Gauzak hala, urtarrilaren 24an karrikak hartzeko deia egin du Seaskak, Baionako Xaho kaian, 15:00tan. "Euskarak aitzina egiteko denen ahalegina" galdegin dute, eta manifestaldia azken hilabeteetan Ipar Euskal Herriko euskalgintzak egin dituen bertze mobilizazioen jarraipenean kokatu dute.