Uztailaren 5ean bukatuko du Hur Gorostiagak hemezortzi urtez Seaskan eraman duen ibilbidea

Zuzendaria eta hiru lehendakarietako bat aldatuko dira Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoko ikastolen federazioan heldu den sartzera begira.

Uztailaren 5ean bukatuko du Hur Gorostiagak hemezortzi urtez Seaskan eraman duen ibilbidea
Hiru kolegioren eta ikastola andanaren irekiera ikusi ditu Hur Gorostiagak zuzendari bezala, bertzeak bertze. EUSKAL IRRATIAK
Ihintza Arrieta
2026/07/01 10:59

Seaskak heldu den sartzeari begira bere egituran izanen dituen hainbat aldaketen berri eman du agiri baten bidez. Hemezortzi urteko ibilbidearen ondotik, Hur Gorostiaga Seaskako zuzendari orokorrak kargua utziko du uztailaren 5ean.

Hur Gorostiagaren engaiamendua, profesionaltasuna eta ikuspegia funtsezkoak izan direla azpimarratzen du Seaskak eta eskerrik beroenak helarazten dizkio erakutsi duen engaiamenduarentzat.

"Ximiko handi batekin uzten dut Seaska" azpimarratu du Hur Gorostiagak eta adierazi digu : "Seaskako langile, irakasle eta ikastoletako gurasoak dira Seaskaren magia egiten dutenak eta ez ditut sekulan aski eskertuko".

Lehendakaritzan ere, aldaketak

Sophie Layus lehendakarikidea ere bere karguaren bukaerara iritsiko da uztailaren 2ko Ikastolen Kontseiluan, ez baitu gehiago haurrik izanen Seaskan. Bere engaiamendua txalotu dute.

Etorkizunari begirako antolaketa berri baten lantzen hasia dela gehitzen du Seaskak agirian, trantsizioa ahal bezain baldintza hoberenetan egin dadin.

Interesgarri izanen zaizu