Hendaia Biltzeneko hautetsi abertzalea atzo pausatu zen bat-batean, 68 urterekin. Hendaiako elkartegintzan ekarpen handia egin zuen, Akelarre dantza taldean eta Uda Lekun bertzeak bertze.
Militantziak ardaztu zuen haren bizia; Hendaiako ekitaldi, mobilizazio eta politikako aurpegi saihestezinetakoa zen Xabier Manterola zendu da. Hendaia Biltzen talde abertzaleko hautetsia zen, oposizioan; aitzineko legealdian elbarritasunen ordezkari izan zen udal gehiengoan.
1980. hamarkadan Herri Taldeetako eta Iparretarrak talde armatuko kide izan zen Manterola. 1985ean GALek bonba bat jarri zuen haren autoan, Baionan, baina bizirik atera zen atentatu hartatik. Atxilotua ere izan zen.
Hendaian, urte luzaz Akelarre dantza taldeko kide izan da. Uda Leku elkartean, Ipar Euskal Herrian euskarazko aisialdi eskaintza zabaltzen lan egin zuen, eta Hendaiako zentroko zuzendari izan zen orain urte batzuk erretreta hartu arte.
Mezu xamur batekin agurtu dute Manterola Hendaia Biltzen talde abertzaleko kideek sare sozialetan: "Agur eta ohore Xabier laguna eta militantea. Izar berri bat piztu da Hendaia eta Euskal Herriko zeru gainean".