Baiona (Ipar EH)

Xare euskarazko kultura digitala sustatzeko jardunaldiak 271 gazte elkartu ditu Baionan

Euskarazko kultura digitala sustatzea da egitasmoaren helburua baita prebentzioa egitea ere. Gazteei erakutsi diete zer jarrera hobestu behar den sare sozialetan adibidez. Bestalde, eragile batek aipatu dizkigu adimen artifizialaren arriskuak.

Xare euskarazko kultura digitala sustatzeko jardunaldiak 271 gazte elkartu ditu Baionan
271 gazte elkartu dira Baionan mundu digitalean euskaraz murgiltzeko Xare euskarazko kultura digitala sustatzeko jardunaldietan. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2025/10/17 08:00

Xare euskarazko kultura digitala sustatzeko jardunaldiak iragan dira urriaren 16an. Baionako, Doneztebeko eta Hondarribiko 271 gazte elkartu dira mundu digitalean euskaraz murgiltzeko. Gazteendako hainbat tailer: sare sozialetan teknika berriak ikasteko, euskarazko joko bideoen deskubritzeko tailerra edota 3D-z pieza baten inprimatzeko parada… Ekitaldia, gazteak euskaraz sortzeko mundu digitalean sustatzea du helburu. Han ziren hainbat eragilek eta gaztek adierazi dute euskararen presentzia ezinbestekoa dela mundu digitalean eta euskaraz sortu behar dela.

Egun honetan, hitzaldi interaktiboak ere proposatuak ziren. Lehena Aitziber Mendiluze Gasteizeko EMAIZE zentroko psikologo-sexologoak animatzen zuen gazteei erakusteko zer jarrera hobestu behar den sare sozialetan eta prebentzioa egiteko. Ariketa interaktibo baten bidez erakutsi die gazteei mundu digitalean egiten dena ez dela soilik birtuala eta sare sozialetan egiten diren iruzkinak egiazko pertsonek errezibitzen dituztela. Pantaila handian sareetako pertsona batzuen argazkiak hedatu ditu eta gazteek iruzkinak anonimoki egin dituzte. Mendiluzek iruzkinak ozenki erran eta mezu gaitzigarri batzuk aurkitzen ziren. Bukaeran, adierazi die argazkietan bere argazki bat bazela edota bere aitaren argazki bat. Orduan, gazteak ohartzen ahal dira sareetan aurkitzen denaren gibelean errealitatea dela, benetako jendeekin, eta, usu, gazteek haien jarrera hobesteko urratsak egiten dituzte esperiantza honen ondotik.

Maider Likona Software librea sustatzeko helburu duen Gisa elkarteko kidea ere prebentzioa egitera etorri da eta adierazi izan nahi du zein jarrerarekin adimen artifiziala erabili behar den. Azaldu du adimen artifizialari buruz: "Arriskurik nagusiena da erabiltzen dugula jakin gabe nola funtzionatzen duen" eta horrek arrisku handi bat sortzen du. Adibidez eskuin muturrak erabiltzen ahal du sostengu gehiago lortzeko edo herri baten presidente bat izendatzeko erabilia izaten ahal da. Argi da beretzat, ikasi behar da eta ezagupenikin erabili behar den tresna da.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu