"Xauri" izanen da heldu den Herri Urratseko lema

Familiak haurrak ikastolan ematera animatu nahi dituzte. Eperraren irudia ere da aurtengo logoa, euskararen egoerarekin parekotasuna eginez. Maiatzaren 9ko besta aitzin, hainbat ekimen eta hitzordu izanen dira.

"Xauri" izanen da heldu den Herri Urratseko lema
"Xauri" lemarekin familiek haurrak ikastolan eman ditzaten animatu nahi dituzte eta hainbat esalditan deklinatuko dute hitza. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2026/11/03 18:54

«Xauri» hitza hautatu dute heldu den Herri Urratseko lematzat. Hitz horren inguruan hainbat mezu zabaldu nahi dituzte. Lema honekin Ipar Euskal Herriko familiei, haurrak ikastolan eman ditzaten animatu nahi dituzte batez ere ikusiz gaur egungo demografia. Aurtengo logoan eper bat ageri da, espezie hori desagertzen ari baita, euskararen egoerarekin lotura egiten dute.

Herri Urrats maiatzaren 9an izanen da, baina hainbat hitzordu antolatu dituzte aitzinetik. Zozketa antolatzen dute ELKAR-ekin partaidetzan eta haurrek laster txartelak salduko dituzte. Musika maketa lehiaketa berriro izanen da talde ttipiak argitan emaiteko. Maketak abenduaren 3ra arte igor daitezke. Pantxoa eta Peio taldearen azken birako kontzertua ere izanen da Maule Baitha zineman azaroaren 29an, Herri Urratsen alde.

Bestalde, Uratx panpina berria eta jantziak salgai dira webgunean. Durangoko azokan panpina erosteko parada ere izanen da Herri Urratsen mahaian abenduaren 4tik 8an.

Antolatzaileek oroitarazi dute azaroaren 21ean Euskararen Garaia Da manifestaldia eginen dela eta garrantzitsua dela parte hartzea. Baionan Laugatik abiatuko da 16:00etan.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu