Larraine (Xiberoa)

Xiberoko erreketan, klimak kalteak sorturik ere arrainek badute non bizi

Xiberoko erreken osasuna aztertu dute departamenduko arrantza federazioko teknikariek, eta emaitzak espero baino hobeak izan dira, nahiz eta idorteak eta beroak eragin nabarmena izan duten.

Xiberoko erreketan, klimak kalteak sorturik ere arrainek badute non bizi
Elektrizitatea baliatzen dute arrainak kontatzeko. EUSKAL IRRATIAK
Ximun Üthürralt
2026/08/26 15:00

Larraine eta Urdats Santa Grazin, ehun metroko tarte batean, zenbat arrain ziren ikusi dute federaziokoek beren elektrizitate teknika bereziarekin. Arrainak eta, oro har, biomasa aztertu dute; hor bertan egin dutenez, ez dute horien aztertzeko eta aurreko urteekin alderatzeko denborarik izan, baina lehen bilan bat egin digu Iban Salles federakuntzako arrantza teknikariak. Ehun metroko tarte batean, 1.500 arrain aurkitu dituzte hektareako.

Haatik, azpimarratu dute ur maila erabilitakoa baino apalagoa zela, eta horrek oxigeno gutiago ematen diela arrainei. Xiberoan, oraindik ura ez bada hain bero ere, egoera larria dela salatu dute teknikariek beheko erreketan. Horren adierazgarri da Xiberoan aurten ez dutela batere biziraupen arrantzarik egin; Senpere eta Eretan, aldiz, bai.

Azken ikerketen arabera, 2050erako %40 ur gutiago izango dela erreketan aurreikusten da. Hori dela eta, inguruan kalte ugari aipatu dituzte, baita Biduze edo Lapiotz erreketan ere. Hango urtegi edo presak ez duenez eskailerarik, arrainek ez dute errekan gora joateko aukerarik izan, ur fresko eta oxigeno gehiagoren bila. Horregatik, hainbat arrain hil direla salatu dute.

Urtegi edo presetan eskailerak izateak arrainak salbatu ditu. Bero handi eta idortearekin erreken ur mailak jaitsi dira, baita berotu ere. Horrek oxigenoa asko gutxitzea ekarri du arrainentzat.

Interesgarri izanen zaizu