Xilabak edizio berriari ekinen dio azaroaren 8an

Xilaba bertsolari txapelketa lau urte ondotik berriro datorkigu, “Bideek Bidea” lemapean. Hamar herritan barrena ibiliko da azaroaren 8tik urtarrilaren 31ra eta 24 bertsolarik hartuko dute parte, belaunaldi berriak eta beteranoak uztartuz.

Xilabak edizio berriari ekinen dio azaroaren 8an
“Bideek Bidea” lemapean iraganen da Xilaba. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/09/30 15:36

Lau urteko etenaren ondotik, berrikuntza ugarirekin itzuliko da aurten Xilaba bertsolari txapelketa. Aurtengo edizioaren lema “Bideek Bidea” izango da, eta Marga Berra Zubietak lema horren inguruan landu du diseinua eta grafismoa.

Txapelketa azaroaren 8an abiatuko da Bidarten eta hamar herritan zehar egingo dira saioak: Bidarte, Domintxaine, Ainhoa, Ligi, Aiherra, Muskildi, Hiriburu, Baigorri eta Bardoze. Guztira 10 saio izango dira, eta ibilbidea amaitzeko, finala urtarrilaren 31n jokatuko da Donibane Lohizuneko Jai Alain. Lehiaketa lau fasetan banatuko da: lehen fasean lau saio eta 24 bertsolari ariko dira; bigarren fasean hiru saio 18 bertsolarirekin; ondoren, 12 bertsolari sailkatuko dira finalaurrekoetara; eta azkenik, sei bertsolari izango dira urtarrilaren 31ko finalean.

Aldaketa garaia

Edizio honetan, azken urteetan ospetsu izandako hainbat bertsolari ez dira izango, hala nola Amets Arzallus edota Odei Barroso. Hala ere, bertsolari berriak sartuko dira, eta 24 parte-hartzaileen artean aurten eraldaketa batek dinamika berria ekarriko duela uste dute askok.

Saioetarako sarrerak hemen erosten ahal dira. Bertan euskoz zein txekez ordaintzeko aukera izango da.

Egutegia:

  • Azaroak 8, 2025 17:00 – Bidarte (Antzokia)

  • Azaroak 15, 202517:00 – Domintxaine (Herriko gela)

  • Azaroak 22, 2025 17:00 – Ainhoa (Ekartetxea)

  • Azaroak 30, 2025 17:00 – Ligi (Herriko gela)

  • Abenduak 6, 2025 17:00 – Aiherra (Denen etxea)

  • Abenduak 13, 2025 17:00 – Muskildi (Posonpesenea)

  • Abenduak 21, 2025 17:00 – Hiriburu (La Perle)

  • Urtarrilak 10, 2026 17:00 – Baigorri (Plaza Xoko)

  • Urtarrilak 17, 2026 17:00 – Bardoze (Ezker Pareta)

  • Urtarrilak 31, 2026 – FINALA Donibane Lohizune (Jai Alai)

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu