Aitor Servierk irabazi zuen atzo Hiriburuko saioa, eta hala, bigarren fasea bukaturik, finalerdietara begira da Xilaba. Urtarrilaren 10ean Baigorriko Plaza Xokon izanen da lehen final aitzinekoa, urtarrilaren 17an Bardozeko ezker paretan bigarrena.
Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena eta Aitor Servier bigarren faseko saio bakoitzeko garaileekin batera, Maddalen Arzallus, Patxi Iriart, Elixabet Etxandi, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Ramuntxo Christy, Nahia Sasco, Karlos Aizpurua eta Mizel Mateo sailkatu dira Xilabako azken aitzineko fasera.
Azaroaren 8an Bidarten hasitako bideak bi herenak eginak ditu jada, eta finalerdiak izanen dira hurrengo fasea. Oraindik ez dute argitu nor ariko den Baigorrin eta nor Bardozen, baina eguberriko geldialdiaren ondotik, urtarrilaren 10ean, larunbatez itzuliko da Xilaba Baigorriko Plaza Xokora. Ondotik, urtarrilaren 17an azken aitzineko geldialdia izanen du Bardozen, urtarrilaren 31n Donibane Lohizunen izanen den finalera iritsi aitzin.