39 urterekin pilotari ibilbidea uztea erabaki du izpurarrak maila sobera apaldu baino lehen. Binakako Frantziako txapelketa eta Baionako Masters eraman zituen Waltarirekin 2011n. Eta 2021ean Baionako bestetan berriz nagusitu zen Darmendrailekin.
Pilotari isil bezain talentutsua dela Ximun Lambert erran daiteke. Goizik dotorezia erakusten hasi zen Ipar Euskal Herriko trinket desberdinetan. 2008an, amateurretan zenean, Ipar Euskal Herriko binakako txapelketa irabazi zuen Laurent bere anaiarekin Baigorriko Zaharrer Segiren izenean. Laurent aitzinetik eta Ximun gibeletik. Eta 2010ean Munduko Txapelketaren finala galdu zuen Pauen Alexis Inchauspérekin mexikarren aurka.
2011n berezkoetara pasatu eta bi titulu nagusi irabazi zituen
Paueko Munduko txapelketatik landa pasarazi zuten berezkoetara Ximun Lambert. Eta Waltari fenomenoa lagun eraman zuen bere lehen titulu nagusia Ximun Lambertek. Urte berean elkarrekin jantzi zuten Baionako Bestetako Masters lehiaketaren txapela. Eta hamar urte berantago, Baionako Masters berriz irabaztea erdietsi zuen Mikael Darmendrailekin. Hamabost urtez ibili da gibeleko pilotari hoberenekin lehian, izan Oçafrain, Etxeto, De Ezkurra, Harizmendi, Kurutxarri, Ducassou edo/ta Sanchezen aurka.
Agusti Waltari eta Laurent Lambert
Kubatarrak du gehienik Ximun Lambert harritu pilotari gisa. Horrez gain, jokalari gehienekin ongi moldatu dela dio Ximun Lambertek. Baina pozik agertzen da Laurent bere anaiarekin hamar bat urtez goi mailan izanik. Elkarrekin irabazi dituzte lehiaketa batzuk. 2013an final ikusgarria eskaini zuten 40-27 nagusitzeko Larretxea eta Oçafrain pilotari trebeen aurka.
Bixente Lafittekin jokatuko du bere azken finala Ximun Lambertek
Biper Sariaren lehiaketaren finala jokatuko du Ximun Lambertek Bixente Lafittekin larunbat arratsaldeko 6 orenetan Ezpeletan, Eneko Maiz eta Nicolas Dufauren parean. Iker Espinal eta Mathieu Lazkano garaitu zituzten finalerdietan 40 - 23 iragan astean. Aitzin partida 5 orenetan abiatuko da.