Zazpi mila pertsona pasa Baionako karriketan euskararen alde

Euriak ez ditu beldurtu Baionara hurbildu diren 7.500 pertsonak, euskararen koofizialtasuna eta berreuskalduntze plan integrala eskatzeko.

Zazpi mila pertsona pasa Baionako karriketan euskararen alde
Egun osoan, kultur jarduerak antolatuak ziren, manifestazioa, berriz, 16:00ean. EUSKAL KONFEDERAZIOA
Erredakzioa
2026/11/21 20:27

Jacques Porte plaza txiki gelditu da: 7.500 pertsona inguru bildu dira arratsalde honetan Baionan, euskararen koofizialtasuna eta Ipar Euskal Herria berreuskalduntzeko plan integrala eskatzeko. Ipar Euskal herri guziko jendea, hegoaldeko batzuk ere bai, izan zahar ala gazte, hautetsi ugariren babesarekin ere. Bazuen asteak Euskal Konfederazioak eta Euskalgintzaren Kontseiluak mobilizazio hori antolatzen zutela, eta azkenean jendetsua izan da. Sebastien Castet, Euskal Konfederazioko kidea poztu da emaitzaz:

Egun osoko egitarauak adin guztietako herritarrak bildu zituen. Goizean, ipuin-kontaketa, pankarta-tailerra eta haurren txokoa izan ziren; baita bertso-saioa, Bulegoren kontzertu akustikoa eta Baionan Kantuz ere. Arratsaldeko lauretan abiatu zen manifestazioa Laugatik, eta, ondoren, euskararen aldeko hitzaldi eta kantuak izan ziren Jacques Portes plazan. Euria izan arren, jendarteaak euskara defendatu du ozen.
Aldarrikapen nagusietan, Frantziako konstituzioaren bigarren artikulua aldatzea bada. Horretarako, Euskal Konfederazioak datozen hilabeteetan akordio politikoa lantzeko asmoa du eragile politiko, sozial eta sindikalekin, borondate politikoarekin, 2050ean biztanleen %30 euskalduna izatea posible litzatekeelako Konfederazioaren ustez. Hortaz justuki, bataila eramateko prest da Peio Dufau diputatua:

Manifestaldi jendetsuaren ondoren, ikusteko dago euskararen garaia benetan iritsi ote den. Aldarrikapenak gauzatzeko, borroka eta eztabaida ugari izango dira datozen aste, hilabete eta urteetan. Lehenik, prefetaren eta suprefetaren jarreretan aldaketarik izango ote den ikusiko da, presidentetzarako hauteskundeak hurbiltzen ari diren honetan.

Interesgarri izanen zaizu