Ziburuko Herriko Etxeak ia 2 milioi euro inbertituko ditu Portu bazterrean osasun zentro berria egiteko. Farmaziarekin batera, 5 mediku ekarri nahi dituzte, gaur egun mediku gabe diren 500 herritarrei eta zahartzen ari den populazioari erantzuteko.
Ziburuko Herriko Etxeak osasun zentro bat ezartzeko proiektua abiatu du, herritarrek gaur egun pairatzen dituzten gabeziei erantzuteko eta etorkizunean sortu litezkeen arazoei aurrea hartzeko. Proiekturako, Portu bazterreko etxeetako bat erosi dute, gaur egun Portuko Farmazia dagoena. Orain arte alokairuan zuten eraikinaren beheko partea, eta, aitzinetik bertan lanean aritzen zirenez, farmaziarekin batera eramango dute proiektua aurrera. Herriko Etxeak guztira 1.910.000 euroko inbertsioa egin du egitasmo honetan.
Zenbaki kezkagarriak
Ziburuk 6.000 biztanle inguru ditu, eta horietatik %45ek 60 urte baino gehiago dituzte. Gainera, 500 herritarrek ez dute medikurik. Azken urteetan, medikuen kopurua erdira jaitsi da: gaur egun 4 mediku baizik ez dira herrian, eta horietatik hiruk 55 urte baino gehiago dituzte. Egoera horrek, etorkizun hurbilean, desertu medikal baten arriskua ekar dezakeela uste du Herriko Etxeak. Eneko Aldana, Ziburuko auzapezak, gogorarazi du Hego Lapurdiko beste herri batzuetan ere antzeko egoerak ari direla agertzen, eta beharrezkoa dela antizipatzea.
Farmaziaren parte-hartzea, alokairu merkeak bermatuz
Aldanak proiektuaren beharra nabarmendu du, eta prezio merkean izan behar dela azpimarratu: "Herriko Etxearen xedea da operazio xuri bat egitea”, hau da, heldu diren 20 edo 25 urteetan alokairu merkeak bermatzea, farmaziakoekin adostuta, haiek ere jabe izango baitira.
Aurélie Zanetti, Portuko farmaziaren jabea, pozik agertu da osasun zentro berriarekin. Haren arabera, mediku berrien etorrera lagungarria izango da pazienteentzat, nahiz eta ohartarazi duen medikuak erakartzea ez dela lan erraza gaur egungo testuinguruan.
Momentuz, proiektuaren inguruko azken azterketak egiten ari dira, eta, besteak beste, 5 mediku ekartzea da helburua. Osasun zentroa 2027rako irekitzea aurreikusia da, eta horrekin batera Ziburuko Herriko Etxeak herritarren osasun beharrak bermatzea espero du.