Baiona zentroko mediateka berrituaren aitzinean Zigor artistaren 3,40 metroko brontzezko eskultura instalatu dute. Pentsamenduaren aukera guztiak irudikatzen dituen obra pausatu dute, bere erosketa polemika iturri izan bada ere Herriko Etxean.
Baiona zentroko mediateka arraberrituaren aurrean, Zigorren «Ezagutzaren zuhaitza» eskultura instalatu dute asteazken huntan. Gaur mediateka berrituaren eta obraren estreinaldia da. Obraren plakak azaltzen duenez:
«Ezagutzaren zuhaitzak sinbolikoki pentsamenduaren aukera guztiak adierazten ditu».
Artistaren hitzetan, adarren artean argia pasatzen uzten duten ziloek urrunera begiratzeko aukera ematen dute, ezagutzen ez dugun hori irudikatzeko. Zigorrek dio horrek irudikatzen duela mediateka bat, mediateka batera joaten giralako ez ditugun ezagutzen xerka.
Hala ere, obra horren erosteak polemika piztu zuen Baionako Herriko Etxean. Jean-René Etchegaray Baionako auzapezak proposatu zion artistari obra baten pausatzea Baionan. Artistari lekua hautatzeko aukera utzi dio eta Zigorrek arraberrituko zuten mediateka hautatu du.
Baina, urriaren 16an, oposizioko Etienne Boutonnet hautetsiak kritikatu zuen auzapezak 130.000 euro baino gehiagoko eskultura erosi duela, inolako kontsultarik gabe. Zigorrek azaldu du arteari buruzko polemikak unibertsalak direla, lana egin duten artistak pagatu behar direla, eta mezenasgoak duela obra finantzatu.