Tapiz gorritik eta estreinaldietatik urrun, historiak eta perspektibak ematen duten lasaitasuna baliatzen du Klasikoak sailak Zinemaldian. Aurten, bigarrenenez, Euskadiko Filmategiak euskarazko lau filma zaharberrituz elikatu du saila.
Montxo Armendarizek 1984an zuzenduriko ‘Tasio’ filma zaharberrituak arrakasta ederra bildu zuen iaz, Donostiako Zinemaldian hasi, eta Europan zehar zinema arraberrituaren jaialdi erreferenteetan ondotik. Euskadiko Filmategiari esker lortu zuen arrakasta berri hori filmak 40 urte eta gero, euskal filmak artxibatu eta zaintzeaz arduratzen den Jaurlaritzaren erakundeak zaharberritzeak egiteari ere ekin baitio berriki.
Aspaldian egin nahi zuten lana dela azaldu digu Ion Lopezek, Filmategiko kontserbazio arduradunak. ‘Tasio’ filmarekin egindako lana “luzea, oso aberasgarria eta emaitzak ikusita, bikaina” izan dela dio Lopezek. Bolonian (Italia) berritu zuten filma, espezializatutako laborategi batean.Anjel Lertxundiren 'Hamaiseigarrenean Aidanez' filmaren zaharberritzea erakusten duten bi fotograma. Ezkerrean, 1985eko zinta, eskuinean, 2025ekoa. EUSKADIKO FILMATEGIA/EUSKAL IRRATIAK
Esperientzia errepikatu, eta iaz bezala 40 urte bete dituzten filmak zaharberritu dituzte aurten ere. Haatik, iaz filma batekin hasi bazuten bidea, aurten lau filma ertain aurkeztuko dituzte Zinemaldian aste bukaeran. 1985ean, artean euskarazko zinema utopia bat zelarik, egindako lau filma dira, merezitako oihartzuna lortu ez zutenak: ‘Ehun Metro’, ‘Hamaseigarrenean Aidanez’, ‘Zergatik Panpox’ eta ‘Oraindik Izen Gabe’. Lehen hirurak trilogia baten parte dira, garai bertsuko euskarazko eleberrietan oinarrituak. Eusko Jaurlaritzako kultura sail sortu berriak finantziatu zituela azaldu du Ion Lopezek, “euskarazko zinema industria sortzeko ahaleginean”. 50 minutu inguruko lanak dira hirurak, eta luzera hori traba izan zen zinemetan banaketa ona izateko. Orain, kontsumo digitalarekin, bigarren bizi bat eman nahi die filmei Euskadiko Filmategiak.
Ostiral eta larunbatean proiektatuko dituzte lau filmak Zinemaldiko Klasikoak sailean. Zuzendariei sari bana ere emanen diete, duela 40 urte eta baldintza prekarioetan, gaur egun loratzen ari den euskarazko zinemaren haziak ereiteagatik.