20.000 biztanle inguru dituen Nafarroko Sakana eskualdean, espainiako poliziak guttienez 149 lagun torturatu zituen 1966 eta 2011 artean. Datu eta gertakari latz horiek ditu abiapuntu Argitzen dokumentalak, Sakanan bertan auzolanean eginiko lanak.
30 bat elkarrizketa tortura pairatu duten herritarrei, adituen hitzekin tartekaturik; gai mingots eta korapilatsu bat hartu, eta hurbiltasunetik humanizatzen du Arg(h)itzen dokumentalak. Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute bihar, Zinemira sailean.
Manu Gomez filmaren egileetako batek azaldu digunez, Fran Balda zenak, Sakanako ezker abertzaleko militante ezagunak sortu zuen filma egiteko txinparta. Eskualdean torturatu kopuru handia zela azpimarratu, eta historia horiek kontatzeko beharra zela aipatu zien, orain urte batzuk, kide batzuei. Filma “auzolanean” ondu dutela azpimarratu du hala Gomezek, zinegintzan esperientzia handirik gabe, egin ahala ikasiz. Psikologoen laguntza ezinbertzekoa izan dutela ere gailendu du, elkarrizketak nola egin eta hizlariak nola errespetatu ikasteko.Manu Gomez filmaren zuzendaritza taldeko kidea. Auzolanean egindako dokumentala da 'Arg(h)itzen'. ARG(H)ITZEN
Aitortza lortzeko balio izan duen filma
Testigantza gordinak biltzen ditu ‘Arg(h)itzen’ek, baina hainbat elkarrizketatuk eta egileak azpimarratu dutenez, tortura tresna politikoa izan bazen, haren sortzaileek eta borreroek “ez dute irabazi”. Azken urteetan, Nafarroan lehenik eta Euskal Herrian ondotik, torturatuen sareak sortu dira, elkar laguntzeko, baina bereziki, justizia, aitortza eta erreparazioa galdegiteko. Nafarroako Torturatuen Sarearen sorrera ere kontatzen du filmak, eta haren lanak eraman du azken hilabeteotan Nafar Gobernua hamarka biktima aitortzera. Manu Gomezek aitzinatu digunez, aitortza horietako anitz dokumentalerako filmatutako elkarrizketei esker lortu dira, hasieran espero ez zuten emaitza.
Donostiako Zinemaldira iristea ere ez zuten espero, hemen dira baina. Zinemira sailean proiektatuko dute, larunbatean eta igandean. Gomezen hitzetan, “filma txukuna egin izanaren” aitortza. Arratseko 22:00etan emanen dute ‘Arg(h)itzen’ aurrenekoz bihar, larunbatez, Principe zine-geletan. Igandean, arratsaldeko 16:00tan Antiguo Berri aretoan izanen da, 18:15ean berriz, Trueban.