Donostia (Gipuzkoa)

Zinemaldia: gaua eta ekaitza ditu etxe Igor Legarretaren 'Inurri Itsuak' filmak

Euskarazko bi fikziozko film luze dakartza Zinemaldiak: Koldo Almandozen Azken Agurra eta Igor Legarretaren Inurri Itsuak. Efektu berezietako eta arteko lana nabarmentzeko modukoak dira Legarretaren hirugarren film luzean.

Zinemaldia: gaua eta ekaitza ditu etxe Igor Legarretaren 'Inurri Itsuak' filmak
'Inurri Itsuak' filmeko fotograma bat. LAMIA FILMS
Aimar Lopez Erasun
2026/09/19 07:00

Mende bat gibelera eta Bizkaiko kostara garamatza zuzendariak, pobrezian den familia batek aberasteko, edo bederen bizitza duinago bat lortzeko hartzen dituen arriskuen zentzua aztertuz. 1935ean, Algortako kostan hondoratu zen ikatzez beteriko itsasontzi baten eta haren altxorraren bila doazenen istorioa baita Inurri Itsuak. Ramiro Pinillaren Las Ciegas Hormigas eleberrian oinarriturik, gauez eta ekaitza bortitz baten pean hasten da pelikula, eta bertan garatzen dira sekuentziarik zirraragarrienak.

Igor Legarreta zuzendariak onartu du "erronka handia" zela baldintza horiek sortzea filmerako, baina "eleberriaren erdia gauean eta ekaitza batean" garatzen den bezala, nahitaez nahi zuen zuzendariak filmarekin ere hala izatea. Horretarako, barnealdeko plato batean sortu zuten Bizkaiko itsasbazterreko paisaia, gaua, euria eta haizea kontrolpean eduki ahal izateko. "Zinema taldean egiten" dela ere azpimarratu du Legarretak, arte zuzendariak eta haren kideek egindako lana txalotzerakoan.

Donostiako Zinemaldian filma estreinatu zuen egunean izan ginen Legarretarekin. EUSKAL IRRATIAK

"Haurrek sinesgarritasun gehiago dute"

Urko Olazabalek antzezten du protagonista, familiako aita, Itziar Ituño da ama, eta aitari itsatsita doan semea berriz, Unax Hayden aktore gaztetxoa. Ez da ikatzaren bilaketan lehertzen den familiako haur bakarra gainera. Igor Legarretak ez du lehen aldia haur aktoreekin lanean, eta erabaki hausnartu bat ez bada ere, maite duela kontatu digu: "Nire esperientzia beti oso-oso ona izan da haurrekin lan egitean. Zerbait berezia dute beti haiek; erraza da haiekin lan egitea, ez dakit freskura den, sinesgarritasun puntu gehiago, baina oso gauza polita da beti halako talentuak aurkitzea".

Teknikoki, nazioarteko film historikoen mailan da Inurri Itsuak. Ilunpean, harro den itsaso bazterrean eta euripean, baina baita paisaia eder batzuetan ere grabatua. Zuzendariaren kuttunak direnak gainera, Leioakoa baita hura, eta hamar kilometro eskasera garatzen baita trama.

Urriaren 19an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinemetara Inurri Itsuak. Ipar Euskal Herrira banaketa lantzen ari dira egileak. Donostiako Zinemaldian gaur ikusten ahal da.

Interesgarri izanen zaizu