‘The Voice of Hind Rajab’ film palestinarrak negar zotinak eta amorrua sortu ditu Zinemaldian, 2024ko urtarrilean Israelgo armadak erail zuen neskatxa baten istorioarekin. Filmaren lantaldearekin milaka lagun manifestatu dira.
Ez izar eta ez sari: Donostiako Zinemaldiaren protagonista argia Palestinar herria eta jasaten ari den genozidioa da aurten. Lehen egunetik hainbat protesta izan dira karrikan, tapiz gorrian, ekitaldi eta gala ofizialetan. Zinegile, aktore eta antzezle gehienek “Genozidioa Stop” dioten ikurrak dituzte soinean agerpen publiko orotan, baita Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek ere. Iraila hastapenean adierazpen ofiziala egin zuen, “amorruak eta herrak inbaditzen” duela azalduz. “Giza eskubideen ukazio programatu eta sistematikoa kondenat” zituen, baita “genozidioa” ere.
Irailaren 19an, Zinemaldiaren irekiera galan, Esther Garcia ekoizleari Donostia Saria banatu ziotenean ere ez zen Gazarekiko hitz eta keinurik falta izan Kursaaleko areto nagusian. Itziar Ituño aktorea izan zen galaren aurkezleetako bat, hitz labur eta argiak izan zituen Gazako genozidioa salatuz, eta CAF tren eraikitzaile euskal herritarrari ere Isralekin lankidetzak eteteko eskatuz. Txalo zaparrada bildu zuen Ituñoren hitzartzeak.
Genozidioa, pantaila handian ere
Palestinar herriarekiko elkartasuna programazioan ere islatu da aurten. ‘The Voice of Hind Rajab’ filma Perlak atalean ikusi daiteke, Veneziako bienalean estreinatu eta gero. Tunisia, Palestina, Frantzia eta Estatu Batuen artean ekoiztutako filmak Hind Rajab bost urteko neska palestinarraren azken orduak kontatzen ditu, 2024ko urtarrilean Gaza Iparrean Israelgo armadak bere familia zihoan autoa ehunka tiroz josi ondoren. Palestinako Ilargi Erdi Gorriari egindako deien egiazko grabaketek kontatzen dute istorioa, aktoreek dramatizaturik.
'The Voice of Hind Rajab' filmeko fotograma bat. MIME FILMS-TANIT FILMS
Filmeko lantaldea Donostian da, hunkiturik eskertu dute euskal eta espainiar gizarteek eta gobernuak Palestinari erakutsi dioten elkartasuna. Motaz Malhees filmeko antzezleak “milesker” batekin agurtu zituen asteazkenean milaka manifestari, baita esker mezua sakondu ere: “Ikusi dugu espainiako gobernua egiten ari dena, eta nahi genuke bertze gobernu guztiek ere Espainiarrak egin duena egiteko ausardia izatea”.
Asteazken arratsaldean egin zituen hitz hauek Motaz Malheesek, “Genozidioa gelditu” lelopean milaka pertsona bildu zituen manifestaldi hasieran. Hain zuzen ere, ‘The Voice of Hind Rajab’ film gogorrak hunkiturik eta aktorearen hitzak eskertuz mintzatu zen Ernest Urtasun, Espainiako kultura ministroa: “Oroitzapen berezi bat dut gaur Hind Rajabekiko, eta besarkada estu bat eta nire elkartasun osoa bidali bere familia guztiari, eta erran nahi dut hau dela kulturaren indarra, XXI. Mendeko sarraski handiena salatzeko”. Manifestariak ere eskertu zituen Urtasunek, eta Espainiako gobernutik “genozidioa gelditzeko haien esku dagoena” egiten jarraituko dutela berretsi.
Historiari begirako filma
Gazako errealitatea kontatzen du ‘The Voice of Hind Rajab’ filmak, Gazako irudirik erakutsi gabe, bukaeran ez bada. Gazako errealitatea, edo duela 21 hilabetekoa hobeki erranik, Israelgo armadak Hind Rajab, haren senideak eta Zaino eta Al-Madhoun sorosleak akabatu zituen eremua errautsetara murriztua baita gaurgero.
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak zioen zinearen munduak XX. Mendeko sarraskiak ikasgai bezala hartu dituela beti. Armeniako genozidioak, Holokaustoak edo Ruandako Tutsien genozidioak filmak dituzte, iruditeria kolektiboan grabatuak, gertakari lazgarri horiek ez ahanzteko artefaktuak.
Gazako genozidioaren kasuan, egunero, orduero, minutuero iristen zaizkigun milaka irudiak gordinegiak direnean, sarraskia zuzenean jarraitzea ezinezkoa bilakatzen denean, nola egin daiteke belaunaldiak zeharkatuko dituen genozidioaren kondaira?
Kaouther Ben Hania zuzendariak eta bere taldeak irudi gordinik gabe, hiltzen ari zen bost urteko neska baten ahotsarekin eta hura salbatzeko dena eman zutenen lekukotzarekin kontatu du. Kontatu behar baitzen, eta kontatu behar baita.Motaz Malhees, Omar, Hind Rajaben argazki bat erakusten, filmeko fotograma batean. MIME FILMS-TANIT FILMS