Donostia (Hego EH)

Zinemaldia: hogei urteko ibilbideari saria hartu eta ‘Karmele’ filma utzi du Asier Altunak

Karmele Urresti kulturgile eta Eusko Gudariaren bizitzan oinarrituriko filma egin du Asier Altunak, Kirmen Uriberen “Elkarrekin esnatzeko ordua” liburutik hasita. Zinemira saria jasoko du gaur, Telmo Esnalekin batera.

Zinemaldia: hogei urteko ibilbideari saria hartu eta ‘Karmele’ filma utzi du Asier Altunak
Asier Altuna zuzendaria eta Kirmen Uribe idazlea, 'Karmele' filmaren aurkezpenean. Alex Abril/ZINEMALDIA
Aimar Lopez Erasun
2025/09/24 06:20

1937 eta 1947 artean, eta Bilbo, Larresoro, Parise eta Caracas artera: Euskal Herriko historiako pasarte ilunenetako batera garamatza Asier Altunaren ‘Karmele’k. Donostiako Zinemaldian Sail Ofizialean lehiaketaz kanpo aurkeztu duen lana Kirmen Uriberen “Elkarrekin esnatzeko ordua” eleberrian oinarritua da, eta Eusko Gudarosteak Hego Euskal Herriaren kontrola galdu zuenetik hamar urteko erbeste, kultura, militantzia eta maitasun istorioa du oinarri.

Ikerketa, idazketa eta ekoizpen prozesu luzea izan du filmak, eta Altunak azaldu digunez, ardura handiz bizitu du pertsonaia historiko baten bizipenak pantaila handira eramatea. Lehen aldia zuen, halaber, eleberri batean oinarrituriko gidoi bat idazten, eta horrek hutsetik idazteak baina lan handiagoa dakarrela azaldu du. Haatik, emaitzarekin “oso pozik” agertu da zuzendaria Euskal Irratietan.

Jone Laspiur, Karmele, izen bereko filmaren fotograma batean. TXINTXUA FILMS

Jone Laspiur eta Eneko Sagardoi dira Karmele Urresti eta Txomin Letamendi. Soinu-banda landu bat bidelagun, haien hamar urteko erbestea eta itzulera ikusten dira ‘Karmele’n. Jatorrizko liburuak urte gehiago ere barnebiltzen baditu, istorioa bi ordu eskaseko filma batean kontatzeko hautu hori egin du Asier Altunak.

Bizitza osoko engaiamendu biri Zinemira saria

Euskarazko zinea markatu zuen ‘Aupa Etxebeste!’ filma aurkeztu zenetik hogei urtera, Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariei Zinemira saria eman zien EPE/IBAIA ekoizleen elkarteak barda. Euskal zinearen galan banatu zieten ibilbidea omentzen duen ikurra, hiru hamarkadaz teknikari, gidoigile edo zuzendari bezala egindako ekarpenagatik. Saria jaso aitzin Euskal Irratiekin mintzatu zen Asier Altuna, eta saria Esnalek eta berak jasotzen badute, azken urteetan euskarazko zinearen aldeko apustua egin duten guztiena dela erran zigun.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu