Adineko gizon homosexual baten sexu askatasunaren galera kontatzen du Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren filma berriak. Zinean gutxi landutako gaia bada, euskarazko zinemarentzat mugarri bat da Maspalomas.
Hainbat ezustekorekin hasten du ikusleak ‘Maspalomas’ filma. Argazki koloretsu eta argiak, Kanariar uharteetako paisaiaz beteak, basamortuak eta itsasoak bat egiten duten lekukoak. Sexu eszenak aldi berean, eta Vicente, Jose Ramon Soroiz, protagonista.
Irriz erantzun dute Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak, Moriarti ekoiztetxeko filmek irudi ilunagoetara ohituak gaituela erratean. Goenagak gidoia aurkeztu zienetik irekiera eszena gustuko izan duela aitortu digu Arregik, “beste planeta batean egotearen zalantza” sortzen duelakoan. “Momentu batez pentsatzen duzu Moriarti zientzia-fikzioa egiten ari ote den”, gehitu du, irri artean oraindik. Protagonista Jose Ramon Soroiz izanen zela argi zutela gehitu beranduago Goenagak, euskal ikusleen belaunaldi bakoitzarentzat zineko edo telebistako pertsonaia ezberdin bat irudikatzen duela jakitun.
Filma bakarrak ate anitz irekitzen dituenean
Filma berritzaileek, ohikoan, berrikuntza bana izaten dute. Euskal zinea bezalako industria txiki eta gazte batean, lan gehienek egiten dute ekarpenik industriaren espektroa zabaltzen. ‘Maspalomas’en kasua, haatik, bertzelakoa da: mugarria da euskal zinean eta euskarazko zinean, filma bakarrak orain arte nehoiz landu gabeko gai andana sakon eta ausardiaz lantzen dituelako. Hala adinekoen sexualitatea nola sexilioa edo armairutik kanpo bizitzeko herritik lekutzea. Izan zahar etxera sartu eta bertako indar harremanak eta estruktura soziala ezagutzea, zein 75 urterekin lagun berriak egin eta galtzea. Bizitza osoa armairuan pasa eta halako batean familiari coming outa egin eta horrek uzten dituen sentimendu nahasiak. Horiek guztiak eta gehiago lantzen ditu ‘Maspalomas’ek, behar bezain delikatu, baina ahal den guztietan komedia ukituak gehituz.Jose Ramon Soroiz, Vicente, Maspalomaseko hondartzan, 'Maspalomas' filmeko fotograma batean. MORIARTI PRODUKZIOAK
Jose Mari Goenagak egin du gidoia, ohikoan Moriartin binaka edo taldean lan egiten badute ere, bakarrik oraingoan. Aitortu du istorioak baduela beretik, eta ardura handia sentitzen duela filmean ordezkatuak diren kolektibo ezberdinekiko, baina ederra izan dela lehen aldiz “gidoigilearen bakartasunean” lan egin eta gidoi pertsonalago bat idaztea.
Irudi ederrekin, soinu eta musika landuarekin, eta aktore lan ezin-hobearekin kontatzen dira istorio ederrak, eta hori lortu dute Moriartitarrek ‘Maspalomas’ekin. Publikoaren negar eta txalo zaparradak irabazi ditu jada, ikusteke dago larunbatera bitartean Sail Ofizialeko epaimahaiarenak lortzen dituen. Eta tartean, ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinemetan, pantaila handi parean jartzeko aitzakiarik ez uzteko.