Donostia (Hego EH)

Zinemaldiko erridaua 73. aldiz zabalduko da gaur, izarren artean eta euskal zinema “osasuntsuarekin”

Angelina Jolie, Jennifer Lawrence, Juliette Binoche, Asier Altuna, Aitor Arregi eta Miren Gaztañaga izanen dira, bertzeak bertze, tapiz gorrian. 38 euskal ekoizpen aurkeztuko dituzte, 27 osorik edo partez euskarazkoak.

Zinemaldiko erridaua 73. aldiz zabalduko da gaur, izarren artean eta euskal zinema “osasuntsuarekin”
Kursaal antzoki kanpoko tapiz gorriak 50 metro baina gehiago ditu, ehunka zuzendari, antzezle eta ekoizle izanen dira bertan. Ángela Losa/DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Aimar Lopez Erasun
2025/09/19 19:00

Bederatzi egunez 254 filma proiektatuko dituzte Donostiako Zinemaldiak hartzen dituen 29 zine aretoetan. Sail Ofizialean ez da bertze edizio batzuetan bezalako ikusmirarik sortu, baina filmetako aktoreen banaketak izar erauntsi ederra ekarriko du tapiz gorrira. Esther Garcia eta Jennifer Lawrence Donostia Sariez gain, bertan izanen dira Angelina Jolie, François Civil, Juliette Binoche eta Renata Reinsve antzezleak. Filmak aurkezten berriz, François Ozon, Richard Linklater edo Joachim Trier ikusten ahalko dira, nazioartetik.

Euskal zinemari dagokionez ere ez da bisaia ezagunik faltako Donostian, 38 filmarekin heldu baita aurtengo ediziora industria. Kopuru “historikoa” dela azpimarratu zuen Euskal Irratietan Ruth Perez de Anucita jaialdiko komunikazio arduradunak; José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak Euskal Telebistari atzo baieztatu zionez, euskal zinea “osasuntsu” da. Zinemaldiak. Klasikoak sailean 80. Hamarkadako euskarazko lau filma ikusten ahalko dira: Ehun Metro, Hamaseigarrenean Aidanez, Oraingoz izen gabe eta Zergatik Panpox.

Sail Ofizialean, Asier Altunaren Karmele, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Maspalomas eta Koldo Almandozen Zeru Ahoak leihatuko dira. Eta Zuzendari Berrien sailean edo Zinemiran Irati Gorostidi eta Sara Fantovaren lehen film luzeak hedatuko dituzte, bertzeak bertze. Zabaltegi-Tabakalera, Horizontes Latinos, Nest, Culinary Cinema, Made in Spain eta Haurrentzako Zinema sailean ere izanen dira euskal ekoizpenak, hots, Zinemaldiko sail gehienetan.

Asier Altuna eta Telmo Esnalen ibilbidea omendua

Aupa Etxebeste! filma pantailetara iritsi zenetik hogei urte betetzen diren urtean, Zinemira saria emanen diete Altuna eta Esnal zuzendariei. EPE/IBAIA euskal zine ekoizleen elkarteak banatzen duen sariak bi zinegileen ibilbidea sarituko du, fikzioa eta ez-fikzioa uztartuz euskal zineak egun bizi duen egoerara iristeko ezinbertzekoak izan baitira bi zuzendariak.

Heldu den asteartean ospatuko den Euskal Zinemaren Galan bertze bi sari ere banatuko dituzte: EAB Euskal Aktoreen Batasunak Miren Gaztañagari emanen dio Bultzada Saria. EITBk berriz, Egile Berriak Saria Sara Fantovari emanen dio, ‘Jone, Batzuetan’ lehen film luzearekin Zinemaldira doan zuzendari gazte bizkaitarrari.

Urtero bezala, Donostiako Zinemaldiaren jarraipen berezia eginen dugu Euskal Irratiek. Goizero, Goiz Berri emankizunean euskal zinegileen elkarrizketak entzuten ahalko dira; astelehenean, irailaren 22an, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga zuzendariak izanen dira gomitak, Maspalomas filma aurkezten.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu