Ura biltzeko diru laguntzak eskainiko ditu Euskal Hirigune Elkargoak

Euskal Hirigune Elkargoak hamaika etxalde lagunduko ditu uraren inguruan muntatzen ari diren proiektuen finantzatzeko. Proiektu horieri esker bildutako ura, laborantzarako baliatua izanen da, jakinez behar gorrian direla. Iazko idorteak sekulako kalteak sortu zituen, bereziki laborantzan. Lagunduak direnen artean da Argitxu Iturria, Garroan baratzezaina dena. Bertan, euri ura errekuperatzeko putzu bat ezarri dute. Bestalde, Elkargoak hogeita bat etxalde ere lagunduko ditu, berrikuntzaren bultzatzeko.

Baionako besten eredua aldatzeko erronka abiatu dute herritarrek eta ostalariek

Mobilizatzeko ordua da Baionako besten eragileen iduriko. Azken edizioko bilan lazgarriaren ondotik, besten eredua galdekatzea eta berriz pentsatzea beharrezkoa ikusten dute anitzek. Baionako besten mendeurrenari begi klixka eginez, 2032 Kolektiboa sortu dute Baionako zenbait herritarrek, Baionako peña, musikari eta ostalariekin batera. Kolektiboko kide guziek aldaketan parte hartzeko engaiamendua hartu dute. Irailean abiatu zuten proposamenak biltzeko epea, eta ordutik aterabideak adosteko lanean dira. Abendu hastapenean Baionako herriko etxeari aurkeztuko zaizkio proposamen horiek. Bere aldetik herriko etxeak ere elkar aditze bat abian eman du. Bera ere eragileekin bildu ondoan, proposamenen fasean sartuko da laster.

HITZAk eta BERRIAk harpidetza kanpaina eginen dute, EEPk lagundurik

Ipar Euskal Herriko Hitzako urteko harpidetza sei euroan egiten ahalko dute herritarrek, eta Berria Lagun izaten ahalko dira urtean 25 euroren truke. Euskarazko astekarien harpidetza bultzatu nahi du aurten Euskararen Erakunde Publikoak. Berriki Herria astekariarekin egin bezala, Ipar Euskal Herriko Hitzarekin hitzarmena sinatu du. Urteko harpidetzaren %75 bere gain hartuko du urtebetez EEPk. Gaur egun 300 bat harpidedun ditu Iparraldeko Hitzak, kopuru hori emendatzea da helbidea.

Gorka Knorr: «Junts gabe eskuina eta ultraeskuina boterean egonen lirateke»

EHBildu eta EAJ alderdiekin batera, Junts per Catalunya alderdiak ere babestu du Pedro Sanchez Espainiako presidente bezala. PSOEren hautagaia babesteko negoziaketetan, amnistiaren legea eta zergak biltzeko eskumena adostu dituzte besteak beste. Amnistia lege horren bidez hiruehun independentistatik goiti eta 73 espainiar polizia kargugabetuko dituzte. Egun, espainiar Estatuan eta Katalunian den egoera politikoa aztertu dugu Gorka Knorr euskal kantari ohia eta Junts alderdiko kontseilu nazionaleko kidearekin.

Elkartasun uhina Beskoitzen, ikastolaren alde

Beskoitzeko herriko etxeak ikastolari ezarri blokeoa salatu dute 2.500 pertsonek larunbat honetan. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariaren erranetan, «herriko etxeak ez du ikastolen garapenean erabakirik hartzeko eskubiderik». Elkarrizketarako deia egin diote Fabienne Aiensa auzapezari eta oztopo teknikoei aterabidea xerkatzeko prest agertu dira.