Maulen Euskal Museoaren adarra sortzeko bidean

Bada urte zenbait elkarte, herritar eta hautetsi talde bat lanean ari dela Baionako Euskal Museoak gune bat ireki dezan Xiberoako hiriburuan. Haatik, herriko etxearen aldetik ekinbidea aitzina eramateko aski babesik ez dela iritzi dute. Louis Labadot Mauleko auzapezak azaldu duenez, ordea, proiektuarekin engaiatuak dira eta jadanik bi eraikin proposatu dituzte Euskal Museoaren adarra ezartzeko. Hori bai, eraikitzear den espartinen interpretazio zentroari lehentasuna ematen dio herriko etxeak eta ez du nahi Euskal Museoaren proposamenak gune horri itzala egin diezaion. Donapaleun ere adar bat eraikitzekotan da Euskal Museoa, eta lanak aitzinatuak dira.

Borroka armatuaren oihartzunak Atharratzen

Borrokoa armatuaren azken urteak nola kontatu? Galdera horren inguruan gogoetatzen hasi zen Myriam Prévost kazetaria 2011n. Horren emaitza izan da «Comment finir une guerre» irrati-dokumentala, Arte Radio podcast hedabideak hedatu duena. Zortzi ataletan ETA erakundearen historia, Estatuaren gerla zikina, borroka armatuaren hautua, tortura eta borroka armatuaren gainbehera aipatu ditu, lekukotasun desberdinen bidez. Gerlari amaiera emateko moduen inguruko hausnarketa bultzatzeko xedez, Myriam Prevost egileak «Comment finir une guerre» irrati dokumentala Atharratzeko Prefosta ostatuan aurkeztuko du maiatzaren 5ean.

Etxeko telebistetara jauzi egin du Kanaldudek

Kanaldudek internetetik gure etxeko telebistetara jauzi egin du. Oraindik goiti, Free, Bouygues eta Orange internet hornitzaileen telebista boxen bidez ikusten ahalko da. Orain lanean ari dira SFR-en bidez ere ikusi ahal izaiteko. Horrez gain, webgune berria estreinatu dute. Edukiak nahieran ikusteko esperientzia hobetu dute, itxura intuitiboagoa emanez eta ikus-entzunezkoen kalitatea hobetuz. Gainera, webgunearen azpiegitura hobetu dute memento berean ikusle gehiago errezibitu ahal izaiteko. Orain Elhuyar fundazioarekin lanean dihardute, adimen artifizialaren bidez, instanteko euskarazko azpi-idatziak sortzeko. Kanaldude Telebista etxean ikusteko box-a berrabiatu beharko da lehenik; ondotik automatikoki ageriko da Orange 358, Bouygues 339 eta Free 948 kanaletan. Pantxika Maitia Kanaldudeko langilea izan da Euskal Irratietako gonbita:

Alokairu turistikoak mugatzeko legedia galdegin dute hautetsi batzuek

Epe laburreko alokairu turistikoen uhinari buru egiteko tresna gehiago, erakunde publiko eta hautentsientzat. Hori galdegin dute Iñaki Etxaniz (NUPES), Julien Bayou (Ekologista) eta Christophe Plassard (Horizons) diputatuek, baita Max Brisson (LR) senatariak ere. Airbnb gisako plataformen bidez egiten diren alokairuek, urte osokoek baino zerga gutxiago ordaintzen dituzte. horren ezetatzea galdegiten dute lau hautetsiek, baita alokarze egunen mugatzea edota isolamendu txarra duten etxeen alokatzea debetazea ere. Iñaki Etxaniz, departamenduko laugarren hautesbarrutiko diputatuak, tresna gehiagoren beharraz ohartarazi du:

Mugimendu abertzaleaz galdeketa abiatu du Bagirak

Etapa berri batean sartu da Bagira prozesua. Galdeketa bat abiatu du sarean, abertzale guziei irekia. Berrogei bat galderako galdetegia osatu dute, azken azken hamar urteetako abertzaletasunaren bilakaeraz, lehentasunak zeintzuk izan behar diren, zein diren helburu politikoak edota antolaketa helburuak. Aztiker enpresak lagundu ditu logistika arloan inkesta plantan ematen eta haiek egin dute ere datuen bilduma bat.