Gazte laborarien arrangurak partekatzeko kafe-transmisioak

Etxaldeen transmisioa aipatzeko 70 bat pertsona bildu ziren joan den astean Atharratzeko Prefostan. Lehen kafe transmisioa antolatu dute ELB gazte eta AFI elkarteek. Laborarien lekukotasunez gain, Euskal Herriko Laborantza Ganbarako eta Trebatu elkarteko ordezkariek beren zerbitzuen berri eman dute. Heldu den hitzordua Hazparnen izanen da apirilaren 13an, laborariendako denbora nola libratu aztertzeko. Lehen kafe-transmisioa aipatzeko, ELB gazteko Kaiet Barberarena eta Bastien Garat instalatu berriak izan dira Euskal Irratietan, Goiz Berri saioan.

Euskarazko brebetarik ez, irakaskuntza elebidunean

Brebeta euskaraz bai baina ez denentzat. Murgiltze sistemako kolegioetako hirugarrenekoek aukera izanen dute euskaraz idazteko aurtendik goiti, ez besteek ordea. Martxoaren 17ko Pap Ndiaye Hezkuntza Ministroaren gutunean zehaztua da. Neurria, Seaskako ikasleei mugatua zaie. Alta, elebidun saileko haurrek, izan publikoan edo katolikoan, ainitzek euskaraz ikasten dituzte ikasgaiak. Hauek ezinen dute euskaraz pasa azterketa. Biga Bai eta Ikas-Bi elkarteko burasoek, neurria elebiduneko ikasleei hedatua izan dakien galdegin dute.

Ur-biltegi handien polemika zapartatu da

30 000 manifestari, 3 000 polizia eta 200 zauritu baino gehiago. Joan den asteburuan mobilizazio erraldoia antolatua zen Deux-Sèvres departamenduan ur-biltegien erainkuntzaren kontra. Aspalditik antolatua zen hitzordu horretara milaka manifestari hurbildu dira, ura atxikitzeko eginak diren erretentzio urtegiak gaitzesteko. Ingurumenaren eta laborantxaren aldetik zentzugabekeria dela defendatzen dute manifestariek. Istilu azkarrak izan dira poliziarekin. Bi aldetik zaurituak izan dira baina manifestarien artean 200 bat izan dira eta horietariko bat hil ala biziko egoeran da. Bertan izan den euskal herritarren artean da Hartzea Lopez Arana.

Ipar Euskal Herriko iturrien %30 idortuak izanen dira 2040rako

Hala dio, Euskal Hirigune Elkargoak azken hiru urteetan egin duen ikerketaren emaitza kezkagarriak. Xiberoako uhaitzaren heina ere %30 apalago da. Bestalde, elurra segidan urtzeak arrangura sortzen du ur azpiko erreserbak ez baitira behar bezala bete. Uda idorretik landa, neguak gisa berean segitu du. Hortaz puntu bat egiteko komite bat bildu da departamendu mailan. Heldu den uda zinez idorra baldin bada, jakin behar da ur baliatzean murrizketak izan daitezkeela.

Aritz Mutiozabalen 'Zetakak' eta Xan Idiarten 'Nostalgia ez da salgai', Maiatzen argitalpen berrien artean

Lau liburu berri aurkeztu ditu Maiatz argitaletxeak. Bi euskaraz eta beste bi frantsesez. Aritz Mutiozabalen 'Zetakak' olerki liburua, Xan Idiarten 'Nostalgia ez da salgai', bi hauek euskaraz eta Gaby Etchebarnen 'Ma vie avec les autres' eta Axularren 'Gero' obra ezagunaren frantsesesko itzulpena, Xabi Castorènek egina. lau liburuak Sarako biltzarrean aurkeztuko dituzte eta ilustratzaileak ere bertan izanen dira.