Frantziako poliziaren bortizkeria gaitzetsi dute atzo Baionan

Ehunka zauritu eta atxilotu izan dira azken hilabeteetako mobilizazioetan. Erretreten erreformaren kontrako manifstaldien ondotik liskarrak nagusitu dira Frantzian barrena. Era berean, Sainte Solineko ur-biltegien kontrako mobilizazioan berrehun bat zauritu eragin ditu frantses poliziak. Preseski, indar polizialen jarrera oldarkorra salatu dute atzo Baionako Suprefetura aitzinean, 300 pertsona inguruk. Sainte Solinen bizitakoaren lekukotasuna eman digu Luxi Detxartek.

Bordaletik Baionara bizikletaz, baxoa euskaraz egitearen alde

Baxoa euskaraz iragateko eskubidea aldarrikatzeko, bizikleta martxa eginen dute Bordale eta Baiona artean. Eztitxu Robles kolegioko hirugarreneko hogei bat ikaslek burutuko dute ibilbidea bost egunez. Apirilaren 18an abiatuko dira Bordaletik, eta orotara 200 kilometroko distantzia ibili beharko dute, egunero 50 kilometro eginez. Haien iritsierak apirilaren 22an Euskal Konfederazioak antolatu manifestaldiaren bat eginen du.

Prekaritatearen gurpil zoroarekin hautsi nahi du Uda Lekuk

Berriz ere bere egoera ekonomikoa larria dela oroitarazi du. Gaur egun, bost bilgunetan 1.100 haur errezibitzen ditu urtean zehar, eta haur horiek 64 herri ezberdinetatik heldu dira. Hauetarik hamabostek bakarrik diruz laguntzen du Uda Leku. Herriko etxe guztien parte hartzea aldarrikatzen du aisialdirako egiturak, haur bakoitzeko 25 euro guttienez.  Uda Lekuren arabera, 200.000 eurokoa da irabazi ezaren heina.

Bi eguneko lan uztea antolatu dute Baionako portuko arrantzaleek

Baionako portua blokeatu zuten atzo hamabost bat arrantza-ontzirekin. Haien lanibidearen geroaz arranguratuak dira arrantzaleak. 2030erako Europak itsas zoletako arrantza debekatu nahi du itsasgune babestuetan. Eta horrez gain, sei hilabeteren buruan, izurdeak babesteko xedez, Frantziako Estatuko kontseiluak arrantza debekatu nahi du Ozeano Atlantikoko gune batzuetan. Neurria «gehiegizkoa» dela deritzote arrantzaleek, izan ere, haien arabera izurde gutxi biltzen dituzte sareetan. Hainbat ekintza aitzinikusi dituzte heldu diren asteetarako.

Baionan, 10.000 manifestaritik goiti atzo erretreten erreformaren kontra

«Bi urte gehiago, ez» aldarria Baionako herriko etxeko balkoian eskegiz bururatu zen atzoko mobilizazio eguna. Goizean goiz hasi zen mobilizazioa. Miarritzeko aireportuan ekintza burutu ondoan goizeko 6ak aldera, 10.30tan ttanko abiatu da manifestaldia Baionako geltokitik. Joan den asteko mobilizazioari begira apaldu da jende kopurua baina karrikak bete dira halere, 13.000 ziren sindikatuen arabera, 10.000 poliziaren arabera. Oroitarazi behar da Konstituzio Kontseiluan egin helegitearen emaitza gehienik hiru aste barru emango dutela. Ondoko ekintza Tarnosen iragarri du CGT sindikatuak, ostegun huntan goizeko 10etan Duclos etorbidean eta 11.mobilizazio eguna ere finkatua da, apirilaren 6an izanen da, ostegunez. Anartean, sindikatuak Matignonera gomitatuak dira heldu den astean, Elisabeth Borne lehen ministroarekin biltzeko. Egun zehatza ez da jakina baina aste hastapenean litzateke.