Urruñako herriko etxeak bultzatu nahi duen antolamendu-eremu hitzartuak arrangurak piztu ditu herriko auzoetan. Hirigintza plan horrek Urruña erdigunea eta periferia hartzen ditu, jada urbanizatua den eremuan etxebizitza gehiago eraikitzeko. Gainera, lehentasunez erosteko eta desjabetzeko eskumena ukanen du herriko etxeak eremu horretan. Lur jabeek aldiz salatzen dute ezinen dutela nahi duten prezioan saldu. Filipe Aramendi auzapezaren erranetan, antolamendu-eremua ez da oraino finkatua eta ikerketa bat bidean da. Urte bukaera aintzin erabakiko dute.
Fikziozko lan bat proposatu du nerabezaroari lotua. Idoia Rodriguez irakaslea, euskara eta letra modernoetan bi CAPES ditu, 2016an 'États de crise' izeneko liburua plazaratu zuen autoedizioan. Baionako besten konkurtso literarioaren euskarazko saileko irabazlea izan da ere berrikitan. Sari horri esker 6000 euroko diru laguntza eskuratuko du eta heldu den udaberrian argitaratuko du.
Gure Gain elkartea aurkeztu dute atzo Bidarrain, Baigura aldeko tokiko laborantza zaindu eta garatzeko. Zortzi herriko Mendiko Lur-funtsen Elkarteak eta herriko etxeak bilduko ditu. Laborarien beharrei manera eraginkorragoan ihardokitzea da helburua, bi erakunde mota horien eskumenak elkarte berean bateratuz. Hemendik goiti tokiko laborantzaren aldeko proiektu kolektiboak eta gogoeta-guneak bultzatuko dituzte. Urriaren 7an, elkar trukaketa eguna eginen dute Arrosan. Mahai-inguruan, besteak beste, elkar-erosketak, enplegatzaile taldeak eta laborantzako tokiko sailak izanen dituzte hizpide
Pinar Selek soziologo frantses-turkiarraren kontrako enegarren auzia iraganen da ostiral huntan Istanbulen. 1998tik, Pinar Selekek jazarpen judiziala pairatzen du Turkiar justiziaregatik. Urte hartan, Istanbulen gertatu leherketa bat leporatzen diote. Geroztik, kondenen eta hobengabetzeen ondotik, azkenean atxilotze aginduen mehatxuan bizi da Frantzian. Ostiralean bere sustengu komiteko kideak hurbilduko dira Istanbulera. Pinar Selek bera Parisen egonen da. Auzi saioa berriz gibelatzen ez badute, bizi osoko kondena arriskatzen du.
Mixel Oronoz euskaltzale, idazle eta apeza zendu da 88 urtetan Baigorrin. Euskal Konfederazioko presidente izan zen urteetan. Bere bizian zehar hainbat lan idatzi zituen Euskal Pizkundeari buruz edota Iparraldeko Elizak hartu duen bide 'integrista' eta Marc Aillet Baionako apezpikua kritikatuz. Asteazkenean izan da erraustua Akizen; eta bere azken gogoei segika, bere hurbilekoek intimitatean eman diote azken agurra, ekitaldi laiko batekin.
- Baigorrin filmatutako 'Bizkarsoro' filma estreinatu da Donostiako Zinemaldian
- Euskararen alde eragiteko egitasmoa plazaratu du Plazara elkarteak
- 'Haize leizean' eleberri ilustratua argitaratu dute Elise Diletek eta Antton Hariñordokik
- Mattin Aiestaran: «Burdin Aroko herrixka baskoien gainbehera erakusten digu Irulegik»