Okupazio ekintza Donibane Garazin, A69 autobideko grebalariekiko elkartasunez

Herribiltza kolektiboko bi kide Donibane Garaziko herriko etxean sartu ziren atzo goiz hondarrean. Okupazioa hasi dute, A69 autopistaren proiektua salatzeko eta gose eta egarri greban sartu diren militanteen sustenguz. Erran behar da horietariko bat hil zorian dela. Auzapezarekin mintzatu dira eta posizionatzeko galdegin diote. Hunek dio zaila dela beretzat dosier hortan posizionatzea ez baitu ongi ezagutzen. Suprefeturarekin harremanetan ezarri ditu militanteak, eta azkenean 4.30ak irian atera dira, jakin dutelarik A69 autopistaren obrak geldituak direla bederen ostirala arte. Gose grebalariek ere bertan behera utzi dute haien ekintza.

Etorkinak lan-eskubideen arloan laguntzeko egitasmo bat abian da

Iparraldeko CGT Eraikuntza, CFDT, LAB, FSU eta Solidarires sindikatuek, Etorkinekin-Diakite eta Cimaderekin bat egin dute. Lan talde berri bat sortu dute lanean diren etorkin edo errefusiatuak laguntzeko. Bereziki paperik gabeko edo egonaldi egoera prekarioekin direnak aholkatuko dituzte. Hilean behin permanentziak eginen dituzte Baionan, Etorkinekin elkartearen egoitzan. Gain-esplotazio egoerak identifikatzea, erregularizazio aukerak aztertzea eta haien eskubideak nola baliatu ditzaketen azaltzea dute xede. Lan ikuskaritzarekin elkarlanean arituko dira. Bide batez, Frantziako gobernuak bultzatzen duen inmigrazio eta asilo lege berria gaitzetsi dute. Eñaut Aramendi LAB sindikatuko kideak eman dizkigu egitasmo horren xehetasunak Goiz Berri saioan.

Palestinako bandera kenduarazi du prefeturak Mauleko herriko etxetik

Hamas eta Israelego armadaren arteko gatazka militarraren ondorioz, tentsioak sor daitezkeela iritzi du prefeturak eta Mauleko herriko etxeari agindu dio Palestinako bandera ken dezan. Maule Zisjordaniako kanpaleku batekin senidetu zen duela urtebete, eta uda honetan, palestinarrak Maulen izan dira. Louis Labadot Mauleko auzapezak prefeturaren agindua gaitzetsi du.

Ikusi Mikusi: euskarazko haur eta gazte literatura plazara

Ikusi Mikusi haur eta gazte literatura azoka urriaren 20tik 21era iraganen da Saran. Lehen eguna eskolei eta profesionalei zuzendua da, eta bigarrena familiei. Euskara hutsean egiten den azoka da, eta eskoletako ikasle bakoitzari 15 euroko bonoa eskaintzen diote liburu bat erosteko. 2022ko edizioan, Euskal Herri osoko 1.300 haurrek parte hartu zuten eskolen egunean, eta aurten 1.500 goaitatzen dituzte. Azokaz gain, hogeitik gora ikusgarri proposatuko dituzte, euskaraz, 0 - 15 urte arteko haurrentzat.

Gizarte ekintzaren arloan lana atzemateko tresna berria sortu da

'Emploa' deitzen da plataforma digital berria. Departamenduak, Etcharry lanbide heziketa zentroak eta Pôle Emploik sortu dute lankidetzan, gizarte ekintza arloko langile eskasiari buru egiteko. Plataforma horren bidez, enplegatzaileen eta langile potentzialen arteko hartu-emanak erraztuko ditu Eskola laguntzaile, hezitzaile berezitu edo gizarte laguntzaile gisa aritzeko 9.000 lan eskaintza ireki ziren iaz, eta 2030 urtera bitarte, frantzes Estatuan 400.000 postu berri sortuko direla aitzinikusten da. Haatik, lansari apalek lanbide horien erakargarritasuna kaltetu dute. Annick Trounday Idiart Dpartamenduko hautetsiak azaldu duenez, «gizarte ekintzako lanbideak argitan ematea» da Emploa webgunearen funtzioa.