Josu Martinezen 'Bizkarsoro' luzemetrai berria estreinatu zen atzo arratsean Donostiako Zinemaldian. Euskal zinea biltzen duen Zinemira sailaren barnean aurkeztu zuten, publiko zabalaren aitzinean. Azken bost urteetan filmatu dute lan hau Baigorrin, eta aurkezpenean bildu dira bertan parte hartu duten 50 heritarrak. Azken mendean euskararen zapalkuntza, desagertzea eta berpizkundea ditu ardatz filmak, Bizkarsoro izendaturiko fikziozko herrian kokaturik.
Plazara proiektua aurkeztu dute asteartean, Azkainen. Euskararen inguruko mediazioa, sentsibilizazioa eta motibazioa azkartzeko tresna izan nahi du. Momentuz atxikimendu kanpaina abiatu dute, eta 43tik mila bidelagun izaitera iragan nahi dute. Abenduan biltzar nagusia eginen du Plazarak eta bertan, elkarte egituratik kooperatiba bat izatera pasatzea aitzinikusten dute. Xan Aire, Plazarako kidea izan da Goiz Berri saioko gomita.
Iparraldeko nerabeei zuzendu eleberria sortu berri dute Elise Dilet eta Antton Hariñordoki idazleek. Kontakizuna Ainize Butronek egin marrazkiez ilustraturik da. Lana nafar-lapurteraz idatzi dute, tokiko gazteei irakurtzeko gogoa pizteko xedez. Hamabi urtetik goitiko irakurleei zuzendua zaie liburua eta adin horretako galdezketak ditu mamian. Eleberria historiaurrean kokatua da, eta Haizea nerabe bakartiaren abenturak kondatzen ditu.
Baserrialdean emazteen lekua eta ikusgarritasuna bultzatuko duten proiektuak proposatzeko momentua da. Euskal Hirigune Elkargoak 'Plazandere' izeneko proiektu deialdia abian eman du. Euskal mendialdean kokaturiko edozer egitasmo diruz laguntzea proposatzen du Elkargoak. 100.000 euroko laguntza banatzen ahalko du orotara. Berdintasunaren alde, bortizkeriaren kontra edo emazteen rola argitan emanen duten proiektuak proposatzea da xedea. Deialdia elkarte, sindikatu, enpres, eta egitura kolektiboei zuzendua da irailaren 30a arte.