Barnealdean ere, Montessori eredua zabaldu nahirik

Ipar Euskal Herri barnealdean Montessori metodologiako eskola bakarra aurkitzen da, eta bere ate idekitzeak larunbatean egin ditu. Lasan sortu zuten Petits Lasai izeneko ama eskola elebiduna 2017an, bi amek eta hiru profesionalek bultzaturik. Autonomia irakastea helburua duen metodologia horretan, hezitzaileak haurren nehar eta nahiei egokitu beharra dute. Gaur egun hamar haur dira eskolan.

Bizifilmak festibala, ikasleen lanak pantaila handira

'Bizifilmak' zinema festibalaren bigarren edizioa antolatu du Iparra-Hegoak, Urruñako Itsas-mendi zineman. Ostirala eta larunbata bitarte 18 eta 21 urte arteko ikasleek egin hainbat lan proiektatuko dituzte. Euskarari, euskal kulturari eta Seaskari lotuak diren filma zonbait ikusgai izanen dira aste hondar hontan Urruñan. Iragan urtean abiatu zuen ekimen hau Iparra-Hegoak, unibertsitateko lan gisa ekoitziak ziren lanak erakusteko. Ostiralean, zazpi lan emanen dituzte '400 ordu', 'Seaska, ikastolatik haratago' eta 'Irlak' dokumentalak, horien artean. Eta larunbatean, berriz, 'Bi Arnas' eta 'Erraiak' dokumentalen aldi izanen da. Ihintza Ostolaza Bernart Etxepare liezeoko irakaslearekin eta Garikoitz Barandiaran Mondragon Unibertsitateko ikaslearekin mintzatu gara. Ostolazak eta bere ikasleek bi laburmetrai ekoitzi dituzte; Barandiaranek bere hiru ikaskiderekin ''Seaska, ikastolatik haratago" dokumentala egin dute, gradu amaierako lan gisa.

Egonezina Kanboko suhiltzaileen kasernan

Gose greban sartu da Aurélie Albert Dupont, Kanboko suhiltzailea. Bere arduradunarengandik pairatzen zuen jazarpen morala salatu zuen, eta geroztik ez diote kontratua berritu. Hamar urte dira suhiltzailea bolondres gisa lanean ari dela, eta kontratua bost urtero berritzen da. Bigarren kontratua bukaturik, ez diotela berrituko jakin du. SDISSeko presidentearekin hitzordu bat eskatzen du bere ikusmoldea azaldu ahal izateko. Francisco Sanchez abokatuarentzat, argi eta garbi da, «Aurélie Albert-en orientazio sexuala dapairatu dituen jazarpenaren oinarrian». Bide judizialak luze joko du, baina anartean, entzuna izan dela eta bere postua berriz hartzen ahalko duela espero du suhiltzaileak.

Egun erabakigarria erretreten erreformarentzat

Batzorde mixtoak onartu ondotik, legebiltzarraren eta Senatuaren esku da erretreten erreforma. Gaur bozkatuko da erretreten erreforma Frantziako legebiltzarrean. Goizean eginen da Senatuko saioa, eta arratsaldeko 15:00etan Asanblada Nazionalekoa. Senatari eta parlamentarioak batzen dituen batzorde hori biltzen zen ber momentuan, sindikatuek beren zortzigarren mobilizazio egun handia egin zuten atzo, erretreta adina 64 urteetara gibelatzea eta kotizazio epea 43 urteetara luzatzea gaitzesteko. Gaur erreforma onartua izatekotan, zer ekinbide abiatu eta zer jarrera hartu erabaki beharko dute sindikatuek.

Mugari buruzko bizipenak eta erronkak hizpide

Bi Estaturen arteko muga, eta euskal herritarrak. Eusko ikaskuntzak hitzaldia antolatzen du Senperen, arrats honetan. Hiru parte hartzaile izanen dira: Elena Casiriain, Iban Larrandaburu eta Elixabet Etxandi. Lehenak antropologiatik helduko dio gaiari, bigarrenak zuzenbidetik eta hirugarrenak  ikusmira historikotik. Larreko gelan eman dute hitzordua, 19:00 orenetan. Iban Larrandaburuk landuko dituzten gaietan barrena murgildu gaitu Goiz Berri saioko gomitaren tartean.