Parke fotovoltaikoak hondarkindegietan, energia burujabetza erdiestera bidean

Kontsumitzen dugun elektrizitatearen %6a baizik ez da ekoizten Iparraldean. Arazo hori arintzeko xedez, I-Ener sozietateak panel fotovoltaiko parkeak garatu nahi ditu hondarkindegietan. Lehen aldiko bat sortuko dute Senpereko Zaluaga hondarkinegian, 2024 urte ondarreko prest egonen dena. Abantsu hiru hektareako hedadura ukanen du parkeak. Patxi Bergara, I-ener sozietatearen presidentea elkarriketatu dute Euskal Irratiek.

Enpresa transmisioa, formakuntza eta lan-eremuak, Xiberoako ODACE-n ardatz berriak

Xiberoako ekonomia laguntzen duen ODACE egiturak lau ardatz nagusi finkatu ditu heldu den urteei begira, egin berri duen biltzar nagusian: Langile eskasari aterabidea atxemaitea, lan eremuak xekatzea, enpresen transmisioa segurtatzea eta formakuntza garatzea lizeo ezberdinetan. Bestalde, Sohütako lizeoan XIBETEK izeneko plataforma teknologikoa plantan ezarriko du 2024ean. Hortara jiten ahalko dira bai lizeoko irakasle, ingeniari edo teknologia berri eta robotetan formakuntza hobetu nahi duten langileak ere bai. Jean Jacques Carriquiriborde, ODACE-ko buru berria izan da Euskal Irratietako gonbita, Goiz Berri saioan.

Gobernantza partekatua bultzatu nahi du Bihar Baionak

Baionako bestak desberdin pentsatu nahian, baionarren iritzia biltzea erabaki du Bihar Baiona oposizioko taldeak. Laurogehi pertsonek parte hartu dute bi tailerretan. Hortik atera proposamenetan da herritarrak besten komisioan barne hartzea, edota Baionako bestak auzo urrunduetara ere hedatzea. Orokorki Bihar Baionako hautetsiek, herritarren parte hartze eta gobernantza partekatze eskasa salatzen dute, herriko etxearen erabakietan.

Barkoxeko bestetan eraso matxistak saihesteko protokolo bat

Xiberoako bestetan eraso matxisten kontrako protokolo bat sortzeko xedea sortu da. Komite eta besta antolatzaile zenbaitek galdeginik, tailer bat eginen dute ostegun goizean Barkoxeko herriko salan. Helburua: besta batetan eraso bat gertatzen bada, biktima laguntzeko zer egin jakitea antolatzaileek.

EAJ eta EH Bildu buruz-buru, Gipuzkoako foru hauteskundeetan

Herrietako bozekin batera, Foru Aldundi edo diputazioetarako bozak ere iraganen dira Hego Euskal Herrian maiatzaren 28an. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Foru Aldundiek eskumen bereziak dituzte, horietan garrantzitsuena fiskalitatearena da, zergak edo legarrak biltzeko eskumena baitute. Foru Aldundiak probintzia bakoitzeko gobernuak baldin badira, batzar nagusiak probintzia bakoitzeko parlamentuak dira, eta 51 batzarkidez osatuak dira. Hauek dute hautatuko nork duen gobernua hartuko lurralde bakoitzean. Gipuzkoako Foru Aldundiko bi hautagai nagusienak izan dira gaur Euskal Irratietan. EAJko Eider Mendoza eta EH Bilduko Maialen Iriarte.