Aroak goiti behera baldintzatu du alta Iparraldeko Ikastolen besta. Arabako gunean kontzentratu behar izan dute egitarau osoa. Antolatzaileak eskerturik agertu dira Euskal Herri osotik bildu duten elkartasun erauntsiagatik. Haatik, Senpereko kolegio berriaren diruztatzeko, finantzamendu arazoak izanen dituztela ohartarazi dute. Gaurtik aitzina, sustengua emateko hainbat bide izanen dira herriurrats.eus webgunean.
Azkenean 27 pertsona atxilotuak izan dira angulen salmenta ilegalari lotu aferan, Bidaxune, Oiartzun eta Landen artean. lau tona angula esportatu dituzte azken bi urte hauetan, 1,2 milioi euroren truke. Bi urteko ikerketaren emaitza izan da mugaz gaindiko operazio handi hau. Angulak Asiara buruz salduak ziren, kiloa 5000 euro ingurutan salduz. Poliziak 200.000 euro atzeman ditu eskudiruz, eta 900.000 euroko balioa lukeen material eta angula kargamentua.
Ate idekiak antolatzen ditu larunbat honetan Tarnoseko Aturri Formakuntza guneak. Aeronautika, informatika, elektronika, galdaragile edota soldatzaile, industria arloko formakuntza ezberdinak eskaintzen ditu, CAP diplomatitik, ingeniari diplomara. Landesetako hiru gunetan dira, hurbilena Tarnosen eta orotara seirehun bat ikasle ditu. Baina ikasleak eskas dira industria sailean, eta ondorioz, heldu den ikasturterako 219 aprendiz postu eskainiko dituzte. Eskolatik atera eta sei hilabetera, ikasleen %93ak lanpostua atzematen duela neurtu du formakuntza guneak. Eskola hobeki ezagutzeko, bisitak proposatzen dituzte maiatzaren 13an, larunbatarekin, 9:00-13:00 bitarte.
Baxenabarre eta Xiberoako merkataritza bultzatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Bihotzean elkartea, duela hamabost urte. Erosketak hurbileko saltegietan egiteko usaia zabaltzeko, opari eta kultura txekeak sortu zituzten. Aurten, hirugarren urtez segidan, milioi bat euroko heina gainditu dute txeke bidez barnealdeko saltegietan egindako salmentak. Txeke horiek elkarte, kolektibitate eta herritarrei zuzenduak dira.
Nafarroako Erriberako eta Erdialdeko 40.000 hektareako zerealari bideraturiko lur eremua galdua da. Hala dio Nafarroako Gobernuak. Iaz ere hainbat urtegi kasik urik gabe gelditu ziren eta aurten arazoa handiagoa izanen dela aurreikusten dute. Horrek ondorio larriak ditu zereal hazkuntzan, landaketa ezineakoa baita eta galerak handitzen baitira. Ondorio larria ere kabalengan, menditik lehenago jautsi behar baitituzte bazka eta ur eskasez. Gogoeta sakon bat egin behar dela iduritzen zaio Patxiku Irisarriri, Nafarroako EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna sindikatuko idazkariari. Zerga beherapenak eta kaltetutako uztaren lastoa, biomasa gisa erre eta energia iturri gisa erabili ordez, kabalak elikatzeko baliatzea galdegin dute sindikatuek.