«Emaztea euskal jendartearen erdiguneetan» solasaldiak antolatu ditu Baionako Bernat Etxepare lizeoak, astelehen goiz huntan. Berrogei emazte inguru gonbidatu zituen ikastetxeak, adin guzietakoak eta ibilbide desberdinekin. Partekatzeko guneak sortu nahi zituzten, hamabost urte inguru dituzten ikasleentzako feminismorako heziketa bultzatzeko. Arantxa Idieder Euskal Irratietako kazetaria han izan da eztabaida baten moderatzaile lanetan aritzeko. Baliatu da hizlariekin eta antolatzaileekin hitz egiteko.
Proiektu andana abian dira Aldude ibarreko Banka herrian. Olha etxea eskuratu du herriko etxeak, lehenago meategiko langileen kantina eta lo lekua izan zen gune horretan, Kintoa ardatz izanen duen gunea eraikitzeko. Besteak beste, Kintoaren bulegoak izanen dira bertan, baita kintoari buruzko interpretazio zentro bat eta enpresa mintegi bat. Horrez gain, Tunio izeneko eraikinean, pertsona adindunei zuzenduriko sei bizitegi sozial zabalduko dituzte ekaina hondarrean. Langile bat hartuko dute gune horren kudeaketaz arduratu dadin. Batitainia etxean ere, beste hiru etxebizitza sortzekoak dira, bereziki, familia eta gazteentzat. Bankako haurtzaindegia handitzeko egitasmoa ere abian da Xapatenoinia etxean. Mixel Oçafrain auzapezak Olha etxeko proiektuaren argitasunak eman dizkigu:
Ekaina bukaera aitzin, milioi bat eta hirurehun mila euro bildu behar ditu Etxalde kooperatibak, Bokalen garatu nahi duen etxebizitza proiektua segurtatzeko. Haatik, kopuru horren %10a baizik ez dute erdietsi. Hori dela eta, «Etxebizitza liburuxka» delako dispositiboa sortu dute desafioa bultzatzeko. Beñat Etxebest, Etxaldeko buruaaren arabera, horrelako egitasmoak garrantzitsuak dira etxebizitza krisiari buru egiteko.
Hiru milatik gora pertsona bildu dira, euskarak Ipar Euskal Herrian dituen trabak salatu eta hizkuntza politika berri bat galdegiteko. Manifestazio bukaeran Xabi Ibarbur Uda Lekuko presidentak eta Elorri Falxa Seaskako irakasleak hartu dute hitza. Frantziako Estatuari dei egin diote, baina baita Ipar Euskal Herriko erakundeei ere. Egiazko hizkuntza politika bat, euskalgintzako eragileentzat baliabideak, eta euskararentzat lege koadro bat eskatzeko. Euskal Konfederazioko eragileak prest agertu dira euskaren aldeko hitzarmen berri baterako lanetan parte hartzeko.
Gazteak euskararekin engaiatuak ote dira? Kontzientzia ba ote dute euskara baliatzeko mementuan? Galdera hauek eta beste batzuk erantzunen dira astearte honetan Hendaian, Soziolinguistikako Klusterrak antolatu duen jardunaldian. Eneko Gorrik, Iparraldeari buruzko datu eta zenbakiak emanen ditu, eta Miren Artetxek arloaz egin duen tesia azalduko du. Horrez gain, gazteek euskara baliatzeko dituzten toki eta guneetaz ere ariko dira, EHZ, libertimendu, Seaska edo Euskarabenturako ordezkariak. Gazteen usaiak euskararekin gehien landu dituenetako da Jaime Altuna unibertsitateko irakaslea: