Hamarkada batez lokarturik izan ondotik, otsailaren 22an iratzarriko dute hartza Miarritzen. Festilasaik, Arroka elkarteak, Maritzuli dantza konpainiak, Gaztetxeak eta Ikastolak bat egin dute, aurten, programazio berezi bat eskaintzeko. Otsailaren 22an desfile bat proposatuko dute, kantu, dantza eta gurdi batekin. Azken urte hauetan indarra galdu zuen hitzordua berriz sustatzeko xedearekin ari dira parte hartzaileak. Maritzuli Konpainiak jantzi tradizionalen erakusketa bat proposatzen du otsailaren 28a arte herriko etxean, eta erakusketaren inguruan, herriko eskolekin proiektu pedagogiko bat ere burutzen ari da.
Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei sustengua eta babesa eman nahi dio taldeak eta Donostian bilkura publikoa eginen dute otsailaren 15an eta torturak pairatu dituzten oro gomit dira. Kari horretara David Gramond lapurtarra ere Donostian izanen da hitzordu horretan, bera, 1998an torturatu baitzuen Guardia Zibilak bost egunez Madrilen. Bere ustez, informazioa biltzeko baino, gizartea «beldurrarazteko» baliatu zuten tortura, militante berrien sorrera «saihesteko».
Estatuak bortxaz ezarri dituzten mugak zer heinetaraino barneratuak dituzte euskaldunek? Nola bizi dituzte muga horiek egunerokoan? Euskaldunak betidanik bateratu dituzten mendiak mugatzat dituzte frantses eta espainolek, zein heinetaraino barneratua dute kontzeptu hori euskaldunek orain? Mapez haratago, herritarrek beraiek Frantziak eta Espainiak bortxaz ezarritako muga egunerokoan nola bizi duten ikertzen ari da Elena Kasiriain antropologoa. Urteetako ikerketaren ondotik, otsailaren 12an emanen duen mintzaldian aipatuko ditu ikusten dituen ondorioetako batzuk. Bestalde, Iban Larrandaburu ikertzaileak zuzenbidearen ikuspegia aipatuko du.
Hamasei migrante atxilotu zituzten otsailaren 6an Baionan, etorkinen eskubideen aldeko elkarteek salatu dutenez. Dirudienez, Baionako prokuradoreak eman zuen agindua. Operazioa autobus geltokiaren eta Pausa harrera zentroaren artean gauzatu zuen poliziak, tartean, adingabekoak atxilotuz. Gertakaria argitara eman duten eragileek martxoaren 22an ekintza berezi bat antolatuko dute Baionan, frantses estatuan eta Europako beste herrialde batzuetan zabaldu den etorkinen eskubideen alde ekiteko deialdiaren testuinguruan.
- Deszentralizazioa eta mugaz gaindiko lankidetza, Europa «azkartzeko»
- Iparraldeko laborantzako langileen lehen indar sindikala da LAB
- Marieniako lurren aldeko militanteen epaiketa, irailaren 9ra gibelatua
- Joseba Erremundegi: «Etxebizitza, euskara eta ekonomia alorretan azkartuko da mugaz gaindiko lankidetza»