Le Tampographe Sardon enpresak salgai ezarria du 24 laidoko zigilu-kutxa. Sarean eskuragarri da. Ximun Fuchs aktoreak du hautaketa lana egin, irainak «lan tresna» baitira beretzat. Bere hitzetan irainak irudimen ilunenak adierazteko parada eta altxorra dira, baitezpadakoak. Are gehiago, uste du laidoak eskoletan landu beharko liratekeela, gisa horretan, haurrek elkar gutxiago joko bailukete. Bestalde, bere aburuz, euskaldunak elbarritu emozional gisa heziak dira, frantses eta espainol ereduak inposatzen baitizkiete. Fuchsen eleen arabera, laidoak hizkuntza baten Pandora kutxa dira.
%15 hobetu da hondarkinen bereizketa Garazi-Baigorri eskualdean, 2022tik 2023ra. Bil Ta Garbi sindikatua baikor agertu da emaitzarekin berriki egin duen bilanean. Haatik, hondarkin geldoak Baxe Nafarroan pausatzeko gune eskasia nabarmendu dute. Momentuko Urruñako Bidexka zentroa da Bil Ta Garbik duen gune bakarra eraikuntzako ekaiak edo bestelakoak botatzeko. Bestalde, negu bukaeran etxaldeetako errota zaharren bilketa antolatuko dute Garazi-Baigorri eta Iholdi-Oztibarre lurraldeetan, eta horretarako herriko etxeetan izen-eman beharko da.
Idoia Rodriguez Mondragon idazleak Euritan eleberria aurkeztu berri du Baionan. Euri izeneko neska baten bizipenak kontatzen ditu, egunkari moduan. EKE-Elkar literatura bekaren laguntzaz idatzitako liburu hau Ipar Euskal Herriko idazleen lana sustatzeko helburuz sortu da. EKE-Elkar literatura bekak edizio berriari begira jarraitzen du, oraingoan helduentzako literaturako proiektu bati lagunduz. Proposamenak maiatzaren 31 arte aurkez daitezke.
Munduan 123 «pommelier» zenbatzen dira. Hau da, sagardo sommelierra, edo sagardoan aditua dena. Eta hain zuzen, pommelier titulua eskuratu berri du Haritz Rodriguez donostiarrak. Titulu hori American Cider Association erakundeak eman dio, munduan errekonozitua. Rodriguez, marketing gastronomiko eta turistikoko aholkulariak proba teoriko eta praktikoak gainditu zituen, sagardoaren ekoizpena, historia eta ezaugarriak aztertuz.
«Ortzaiztar bat, arbola bat» proiektua eraman du Ortzaizeko herriko etxeak 2024 urtean. Orotara 880 arbola landatu dituzte mendian eta herrian berean. Aurten, aldiz, herria egokitzeko lanen urtea izanen da, eta abantsu bi milioi euroko aitzinkontua aitzinikusi dute horretarako. Batetik, herriko etxea Arrosategia izeneko eraikinera lekualdatzeko xedea dute, eta bigarrenik, herriko plaza bat eraikitzekoa. Lan horiek martxoan abiarazi nahi dituzte, baina finantzamenduak oraino ez dira osoki ziurtatuak, besteak beste, Departamentuak bizi duen egoera dela eta. Momentuko, Euskal Hirigune Elkargoak bakarrik baieztatu du bere babesa.
- Hegoaldeko sagar galdeari iharduki nahi lioke Iparraldeko sagarnoaren sindikatuak
- Benito Lertxundi eta Txomin Dhers sariztatu dituzte Eusko Ikaskuntzak eta Donibane Lohizunek
- Aberri Eguna Donibane Garazin ospatuko du Iparraldeko mugimendu abertzaleak
- Euskara hutsezko haurtzain-etxea irekiko dute Aiherran