Adimen artifizialaren munduan mugarria jarri du Txinako DeepSeek sistemak. Prezio baxua, kode irekia eta erabilgarritasun zabala direla medio, OpenAI enpresaren ChatGPT eta Metaren AI sistemen lehiakide indartsu bilakatu da. Deep Seek aplikazioak enpresa teknologikoen balioa inarrosi zuen Amerikako Estatu Batuetako burtsan. Izan ere, Nvidia enpresaren txip karioegiak baliatu gabe eta energia gutxiago erabiliz erdietsi baitu OpenAi eta Metaren heinean ezartzea. Gainera, lizentzia librearekin eta urririk ezarri dute baliagarri. Euskara mailari dagokionez, aski ona dela adierazi dute zenbait erabiltzailek.
Gari Lagnet Jatsuarrak eraman du 50. ESSOR Basque lasterketa. 26 urteko Lapurtarra Tarnose eta Aviron taldean ari izan zen eta orain Besançoneko taldearentzat lehiatzen da. Atzo Jack Brough Britainiarra nagusitu zen Maulen eta larunbatean Malo Stevantek irabazi zuen Gamiako lepoan.
Haurdunaldian diren emazte bakartuentzat, harrera-leku bat proposatuko du La Maison des Sept Vallées elkarteak Donibane Lohizunen. Pariseko bikote jabe pribatu baten gogoan sortu zen xedea. Donibane Lohizunen, 2021ean Iturria izeneko etxea erosi eta, bazter bastizetan zazpi ganbara antolatzea erabaki dute. Elkarte moduan ezarri eta otsailean hasiko dira ganbara hauek proposatzen, bakarrik, haurdun edo haur sortu berriekin diren emazteei. 150 eta 200 euro inguruko parte hartze xumearekin, ideia da «trantsizio» gune bat izatea, horretarako gehienik urte bateko egonaldia egiten ahalko dute. Helburua da, amari eta haurrari urtebeteko pausa eta segurtasuna eskaintzea, ondoko etxebizitza bilatzeko laguntza pertsonalarekin eta diru-kudeaketarako prestakuntza programa batekin.
Euskal moneta biderkatuko da: Baztan eta Oiartzualdean ere baliatzeko xedea aurkeztu dute larunbatean Baigorrin. Euskal Monetak eta Gizartearen Monetak mintegia antolatu dute larunbatean, Baigorrin, mugaz gaindiko tokiko moneta bakarra sortzeko abantailak eta oztopoak aztertzeko xedez. Hamabi urte bete dituen Euskoa Euskal Herri osora hedatzeko xedeari babesa eman dio ordezkaritza instituzional zabal batek; izan ere, mintegian Nafarroako Gobernuko, Euskal Hirigune Elkargoko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak izan dira, Baztango eta Baigorriko herriko etxekoekin batera. Eragile sozial eta herritar zenbaitek ere parte hartu dute mintegiko gogoeta saioetan.