Abiatu da inauteri sasoia Euskal Herrian

Xiberoako maskaradekin batera, Euskal Herriko beste xokoetako inauteak ere atzarri dira. Urtero ehunka bisitari biltzen dira Ituren eta Zubietan, joaldunen usadioaz gozatzeko.

Kontserbatorien gaua izanen da ostiral honetan, Baionan

Aurten ere Kontserbatorioen Gaua antolatu du Baionako musika eskolak. Urtarrilaren 31an 50 ekitaldi baino gehiago prestatu dituzte kontzertuak, tailerrak eta hitzaldiak tarteko. Egitaraua arratsaldeko 17:00etan abiatuko da, eta gauerdira arte luzatuko da. Ekitaldi guztiak urririk eskainiak izanen dira, eta publiko osoari irekirik. Antolatzaileek azaldu dutenez, ate irekitze gisara ulertzen dute egitasmo hau, Baionako kontserbatorioaren eskaintzak publiko zabalari ezagutarazi eta aitzin dasta bat proposatzeko.

Elurre Iriarte: «Talde kriminal antolatuko kide izatea leporatzen diete Aroztegiako zazpi auzipetuei»

Larunbatean, otsailaren lehenean, manifestaldi bat antolatzen du Iruñean du Aroztegiko sustengu komiteak. Baztan ibarreko Aroztegiako laborantza lurretan, 228 luxuzko etxebizitza, hotel bat eta golf zelai bat eraikitzeko egitasmoa geldiarazteagatik, zazpi baztandar auzipetu dituzte; 20 urteko espetxe zigorra eta 56.000 euroko isuna galdegiten dute haien kontra. Eraikitzeko baimenak erdietsi gabe ere, promotoreak eraikuntza lanak abiatu zituen, eta lan horiek geldiarazteko kanpaldia abiatu zuten hamarnaka herritarrek. Ipar Euskal Herritik hainbat autobus partituko dira Iruñean otsailaren lehenean eginen den manifestaldira Baigorritik, Itsasutik, Pausutik eta Oztibarretik.

Legez kanpoko iragarki panelak, Biziren jopuntuan

Publizitatearen lekua hurbiletik segitzen du Bizi mugimenduak. Astelehen goiz honetan Senpereko Amotze auzoko iragarki panel bat legez kanpokoa dela salatu du. Gune sailkatu batean eta monumentu historiko batetik hurbil kokatua da, Estatu mailako araudien kontra. Mugimendu ekologista kritiko agertu da joan den urte bukaeran Senpereko herriko etxeak Attria publizitate enpresarekin izenpetu duen kontratuarekin; izan ere, kontratu horrek 28 afixatze leku baimentzen ditu herrian. Memento berean, Publizitatearen araudia eratzeko herritarrekin bilkura publikoak abiatu ditu Euskal Hirigune Elkargoak, eta asteazken honetan izanen da lehena Baionan.

Urpeko arkeologia deskubritzeko erakusketa berria, Hendaian

“Denboraren induskatzaileak” erakusketa ikusgai izanen da Hendaiako Asporrotstipin, Euskal Erlaitzeko Etxean. CPIE-Euskal Itsasbazterra elkartea eta INRAP arkeologia institutuarekin elkarlanean antolatutako erakusketa da. Sanguinet aintzirako urpeko arkeologiatik Anéouko artzaintza unibertsora, erakusketak arkeologian murgiltzeko parada emanen du bere teknikak eta historia azalduz, eta eskualdeko ondare aberatsa nabarmenduz, Euskal Herrian arreta berezia jarriz. Erakusketa martxoaren 22ra arte ikusten ahalko da.