Euskadiko Selekzioaren sortzea onartu du FIPV nazioarteko euskal pilota federazioak, Iruñean larunbat honetan egin duten biltzar nagusian. Erabakia ospatu dute kanpoaldean elkarretaratuak ziren Euskal Herriko pilota selekzioaren aldeko mugimenduko kideek.
Atzo Donibane Garaziko Garatenea trinketa bete zen bi erdi finalen ospakizunarekin. Lehen partidan, Luis Santsez eta Battitta Ducassou lehiatu ziren. Nahiz eta Ducassouk 12 tantoko abantaila hartu, azkenean Santsez izan zen lehenik 40 tantora iristen. Bigarren partida tinkatuagoa izan bazen ere, hasieran Peio Larraldek zailtasun gehiago izan zituen Mathieu Ospitalen aurka. Azkenean, Larraldek 40-37 irabazi zuen eta datorren igandean iraganen den finalean bere lekua segurtatu du Luis Santsezen aurka.
Benito Lertxundik 60 urteko kantugintza utziko duela jakinarazi du Durangoko azokaren aurretik. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin amaituko du bere ibilbide luze eta aberatsa. Urteak zeramatzan erabaki hori hartuta, ez baita erraza izan amaiera horren berri ematea publikoki. Orain, askatuta sentitzen da.
Israelek Euskal Herriarekin dituen harreman komertzial, kultural zein diplomatikoak mozteko deia egin du Palestinarekin Elkartasuna kolektiboak. Salatu dutenez, Bizkaian sortu zen BBVA banketxea edota Iparraldean hain azkarra den Credit Agricolek «erantzukizun zuzena» dute palestinarren kontrako genozidioan, urtero miliarka dolarreko inbertsioak egiten baitituzte israeldar industria militarrean. Banketxe bizkaitarrak, erraterako, 1.482 milioi dolar inbertitu ditu Israelgo armagintzan eta Credit Agricolek 6.000 milioi dolar. Iparraldeko industriaren arloan ere, bereziki, Angeluko Dassault eta Hazparneko Lauak multinazionalak seinalatu dituzte.