Bixente Laffitek eta Thierry Harizmendik eskuratu dute Frantziako amateurren esku huskako txapelketako urrea. Denek Bat pilota batasuneko pilotariak berezkoetan ariko dira heldu den sasoian, Lau Herriko Iban Teillery eta Nicolas Dufau 40-20 garaitu ondotik.
Herria astekariak adin ederra du. 2024ko urrian bete zituen 80 urteak. Lehen alea 1944an agertu zen Eskualduna astekariaren ondorengo gisa. Hurbileko hedabidea, berrogei laguntzailerekin argitaratzen da ostegun oroz. Astero 30 herriren berriak emanez eta tokiko euskalkiak baliatuz. Gaur egun 1.600 harpidedunekin, beste erronka batzuk ditu, hala nola, sare sozialetan eta sarean oro har bere lekua egitea. Azken aldian, Bada gazte hedabidearekin elkarlanean ari da bere irakurlegoa gaztetzeko xedez. Gaur egun bi langile ditu. Menane Oxandabaratzen lekukoa hartu berri du Ainhoa Etxenike gazteak, aldizkariko erredaktore buru gisa.
'Aroztegia gelditu' plataformak hainbat aurkezpen eskaini ditu Ipar Euskal Herrian gaindi, iragan asteburuan. Baztan ibarreko Aroztegiako laborantza lurretan, 228 luxuzko etxebizitza, hotel bat eta golf zelai bat eraikitzeko egitasmoa geldiarazteagatik, zazpi baztandar auziperatu dituzte; 20 urteko espetxe zigorra eta 56.000 euroko isuna galdegiten dute haien kontra. Horrez gain, bi kazetariri 1.200 euroko isuna galdegiten diete protestaren segipena egiteagatik. Haien auzia ezagutzera emateko aurkezpenak egin dituzte iragan asteburuan Hendaian, Atharratzen eta Itsasun, eta elkartasun gaualdia antolatu dute larunbatarekin, Donaixtin. Larunbateko mintzaldira jende andana hurbildu da, eta Marieniako laborantza lurren aldeko kideek ere hartu dute parte. Iluntzean kontzertuek hartu dute gaina. Otsailaren lehenean manifestaldi nazionala deitu dute Aroztegiako auzipetuen sustenguz, eta Ipar Euskal Herritik autobusa antolatu dute Larzabaletik.
Israelgo Gobernuak gaur egingo du su eten akordioaren inguruko bozketa. Asteazkenen honetan Israel eta Gazako autoritateen su etenaren akordioaren adospena izanen zela uste genuen baina oraino negoziaketetan dira. Akordioaren xehetasunak aldatzen saiatzea leporatu dio Benjamin Netanyahu Israelgo presidenteak palestinarrei. Akordio hau hiru fasetan zatitua da eta fase bakoitzak 42 egun iraun beharko lituzke. Lehenik, lehen fasean, lurreko borroka guziak gelditu beharko dira, nahiz eta Israelek aire bidez segitzen ahalko duen. Bigarren fasean, mota orotako erasoak gelditu beharko dira eta azkenik, Gaza nola berreraiki beharko den eztabaidatuko da. Hala ere, bonbardaketek segitzen dute atzo adibidez 73 palestinarrek bizia galdu dute.
Esku huskan, Lau Herriko parea eta Denek Batekoa, lehian. Irabazlea berezkoen mailara iganen da igande arratsean. Amateurren A mailan, Frantziako txapelketako finala jokatuko da Arrangoitzeko trinketean igandean. Preseski Arrangoitze, Basusarri, Ahetze eta Arbonako pilotariak biltzen ditu Lau Herri elkarteak. Beraz, Iban Teilleri eta Nicolas Dufauk beren trinketean jokatuko dute finala, Denek Bateko Lafitte eta Harizmendi Euskal Herriko txapeldunen kontra. Lau Herrik irabaziko balu, lehen aldia litzateke pilota eskola horretako bi pilotarik A mailako titulua erdietsiko lukeela. Finala urtarrilaren 19an jokatuko dira 17:00etan, eta Euskal Irratietan zuzenean eskainiko dugu. Partida handiaren aitzinetik, 16:00etan, haatik, 19 urte petiko finala jokatuko dute Lau Herrik eta Hazparnek. Goizean, 11:00etatik goiti, 22 urtez petikoen (Baigorri / Oztibarre) eta helduen B mailakoen (Baigorri / Irisarri) finalak jokatuko dira ere bai.