Kattalin Elizalde kolegioa estreinatu dute ofizialki

Tokiko hautetsi eta Ikastolen Elkarteko ordezkarien presentziarekin Kattalin Elizalde kolegioaren estrena ofiziala egin da iragan larunbatean. Dela urtebete ireki zituen ateak 80 ikaslerekin, eta ikasturte honetan 130 ikasle dira. Seigarren mailatik laugarrenera, bi klase izanen dira maila bakoitzeko. Kolegioak gehienik 220 ikasle errezibitzen ahalko ditu. Departamenduak erdiz diruztatutako bost milioi euroko proiektua ez da arras bururatua, oraino zortzi ikasgeletako lanak abian baitira. Ekitaldian Nekane Artola Euskal Herriko Ikastolen elkarteko buruak bi erronka iragarri ditu ikasturte honetarako, hezkuntza eredua indartzea batetik, eta irakasleen formakuntza soziolinguistikoan sakontzea bigarrenik. Horrekin batera, baliabide digitalen baliapena sustatzen segituko dute ikastoletan. Euskal Herri osoan, jada, 50.000 ikasle barnebiltzen ditu Ikastolen Elkarteak.

Bost urte euskara hutsezko lehen haurtzaindegia sortu zela Baxe Nafarroan

Larunbatean ospatu dituzte Ttinka mikro haurtzaindegiaren bost urteak Lakarran. Baxe Nafarroko euskara hutsezko egitura bakarra da, Euskararen Erakunde Publikoaren B ziurtagiriduna. Ospakizuna baliatu dute, hurbildu diren hautetsiei 2026 arte ikasle berriak hartzeko tokirik ez dutela jakinarazteko. Izan ere, eskualdeko haurrez gain, urrunagoko familietako haurrak eskolatzeko eskariak ukaiten ditu Ttinkak. Zentzu horretan, Lakarrakoaren gisako mikro-haurtzaindegi euskaldunak sortzeko xedeak loratzen hasiak dira Bidarrain, Irulegin eta Aiherran. Euskal Hirigune Elkargoak egitasmo hauen sorrera bultzatzeko 50.000 euroko laguntza onartu zuen iragan apirilean. Haatik, egitura horietan ariko diren langile tituludun euskaldunak atzemateko zailtasunak daude. 

Baionako Paul Bert lizeoa arraberriturik, 14 milioi euroko lanen ondotik

Osoki berritu dute Baionako Paul Bert lizeoa. 13.000 metro karratuko eremuaren parte bat jada arraberritu zuten duela bost urte, eta egiteke zen partea orain estreinatu dute, obrak bururatu berritan. Lizeoko eraikina XIX. mendekoa da, eta 1842 urte hartan ospitale militar gisa altxatu zuten. 1945ean lizeo tekniko bilakatu zen eta 1985ean CAPtik BTSerainoko ikasketak eskaintzen dituen lizeo profesional.

Lazken Trail, Iparraldeko amaierarik gabeko lehen lasterketa

Ez da holakorik oraino antolatu Ipar Euskal Herrian. Ideia Ipar Amerikatik heldu da eta Lazken Abentura elkarteak bereganatu du. Sei kilometroko ibilbidea asmatu dute Irisarri eta Ortzaize artekoko Antzaramendi eta Ahaizemendin gaindi. Erronka honetan, ahal bezainbat itzuli eman beharko dituzte korrikalariek, oren bateko epean. Oren bakoitzeko erronka gainditzea erdiesten duten lasterkariek, ondoko oreneko desafioan parte hartzen ahalko du. Erronkak, mugagabe segituko du lasterkari bakar bat zutik gelditu arte.

Xiberoako bide eta xendren ondarea ezagutzeko bi hitzordu asteburuan

Asteburu honetan ondarearen egunen kari hainbat hitzordu izanen dira Ipar Euskal Herri osoan. Aurtengo ondarearen lema nagusia bideak, sareak eta loturak izanen dira. Horri loturik Xiberoan mintzaldi bat emanen du Ikerzaleak elkarteko Filipe Etxegoienek lurraldeko bide, xendra eta zubiez. Xiberoko historiaz bi liburu argitaratu berri ditu, aitzinhistoriatik gaur egunera arte. Eta justuki bere liburuaren berezitasun nagusietarik izan da bide ezberdinen inportantziaren azpimarratzea, baita horien zaintzea ere. Hiru bide desberdin baitziren, kabala bideak, herriko bideak eta errege bideak.