Xiberoko buhame eta agoteez mintzaldia Mendikotan

Urteak eman ditu Nicole Lougarot buhameen historia ikertzen. Bi liburu argitaratu ditu «historiarik gabeko» populu horrek Ipar Euskal Herrian ukan duen garrantzia ageria emateko. Artxibo lan handia egin du Lougarot-k, eta horri esker jakin zuen, 1802 urtean buhameen kontrako sarekada handi bat izan zela iparraldean. Xiberoan ere presentzia handia ukan zuten, eta horren zantzuak Maskaradetan atzeman daiteke, buhame izeneko pertsonaiengan. Maskaradetan pertsonai horien kontrako arrazakeria salatu izan du Lougarot-k. Otsailaren 24ean Mendikota herrian instalatu ziren buhame eta agoteez mintzaldia eskainiko du.

Ehun urte bete ditu Errobiko arrantza elkarteak

Ezterenzubitik Milafrangako Xapitaliara, Errobi ibaiaren zaindari AAPPMA elkartea. Mendeurrena bete du Errobiko arrantza elkarteak. Gaur egun bi langile ditu tokiko arrain espezien aktibitatea segitzeaz gain, erreka bazterrak, arrantzaleak eta arroko laborariak zaintzen dituztenak.  Eskolaz eskola ere sentsibilizazio lana egiteko saioak egiten dituzte. 1923an sortu zen Errobiko AAPPMA elkartea, eta mendeurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. besteak beste, otsailaren 24 eta 25ean Larresoroko gelan arrantzari buruzko erakusketa berezia ikusgai ezarriko dute.

Paperik gabeko etorkinentzat euskara urririk ikasteko eskubidea galdegin dute Irunen

Korrikaren abiatzerako prestatzen ari da Irungo hiria. Tokiko elkarteekin elkarlanean ari da AEK antolakuntza lanetan, eta Irungo berriki Irungo Harrera sarearekin agerraldia egin dute. Egoera administratibo irregularrean daudenen hizkuntz-eskubideak administrazio publikoen agendan ezarri nahi izan dituzte AEKk eta Irungo Harrera Sareak. Korrika Kulturalaren baitan ‘Paperezko Bizitzak’ adierazpena aurkeztu dute Oiasso Museoan egindako 'Hizkuntzak Mugarik Gabe' ekimenean.

Marie Pourquié: «Hizkuntza patologietan, pazientearen ama-hizkuntza kontuan hartu behar da»

Ama-hizkuntzen nazioarteko eguna ospatuko dute Baionako Euskal Babel eta Jakinola elkartee. Horretarako mintzaldia antolatu dute Michel Feltin-Palas idazle eta kazetariarekin. Frantses estatuan hizkuntza aniztasunaren alde lan egiten du Feltin-Palasek, eta L’Express egunkariko ohiko kolaboratzailea da. Mintzaldi nagusia aitzin, beste konferentzia bat eskainiko du, euskaraz, Marie Pourquié neuropsikologo hizkuntzalariak. Hizkuntza mailan diren patologiak aztertzen ditu Pourquiék, eta horretarako euskarazko baliabideak sortzeko lanari ekin dio. Izan ere, azaldu duenez, «arta pazientearen profilera egokitzeko, bere ama-hizkuntza kontuan hartu behar da». Euroeskualdeko proiektu baten barnean, Ipar Euskal Herrian sortu duten tresna Hegoaldera hedatzea eta beste euskalkietara egokitzea dute xede.

Bi süjet ukanen ditu Gamere-Zihigako pastoralak

'Ligetx koblakaria(k)' pastoralak baditu bere bi antzezle nagusiak: Marie Urruty eta Ximun Héguiaphal. Madalena eta Luis Ligetx anai-arreben papera antzeztuko dute. Kargu nagusi horien banaketa iragan ostiraleko mustrakan egin dute. Uda honetan bi emanaldi eskainiko dituzte, lehena uztailaren 28an, eta bigarrena, agorrilaren 3an.