Macronen «indar-kolpea» salatu dute Baionan ehunka manifestarik

Herritar Fronte Berriak deiturik, 900 manifestatzaile bildu ziren larunbatean Baionako Herriko Etxe aitzinean, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen politika eta bere azken erabakia salatzeko. Hau da, Mixel Barnier eskuindarra lehen ministro izendatzea, ezkerrak irabazi dituelarik azken legebiltzarreko bozak. Eskuin muturrarekin eskuz esku ibiltzea ere leporatu diote Frantziako presidenteari manifestariek.

Patto Etxeberria: «Nafarroak ezin du kanpoko jokalaririk pagatu; guk lekukoekin behar dugu ari izan»

Nola maila onean lehiatu, diru baliabide murriztuekin? Horri erantzuteko, formakuntza zentro labelizatua sortu berri du Nafarroa errugbi taldeak. Partaidetza lortu du inguruko ikastetxeekin, hamabost eta hemezortzi urte arteko 25 gazteri orenak libratzeko, errugbian berezitzeko xedez. Federal bat mailako talde gotorrenei buru egitea dute xede baxenabarrek. Federal 1 mailan, talde ainitzek milioi bat euroko aitzinkontua dute, eta Nafarroak horren erdia besterik ez. Hori dela eta, geroan maila horri eusteko formakuntza gakoetarik bat izanen dela uste dute.

Estreinekoz desfilatu du Jaizkibelek konpainia gisa Hondarribian

Jaizkibelek konpainia gisa desfilatu zuen atzo Hondarribiko alarde egunean lehen aldiz, baina alardetik kanpo oraindik ere. Auzapezak agindu ebazpenak espazioak partekatzeko aukera eman bazien ere, alarde baztertzaileak bizkarra eman zion konpainia parekideari, eta tenorea ere ez zuen errespetatu Jaizkibelekin ez gurutzatzeko. Hala ere, istilurik gabe iragan da alardea. Eta lehen aldiz, udal talde politiko guztiek egin zioten harrera elizako atarian Jaizkibeli, EAJ barne. Igor Enparan auzapezaren lana goraipatu dute alarde mistoko kideek.

Peio Dufau: «Eskuin muturraren babesarekin izendatuko dute lehen ministro»

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, ororen buru, badu bere lehen ministro berria. LR Errepublikanoen alderdiko Michel Barnier eskuindar kontserbadorea izendatu du. Fronte Herritar Berriko alderdiek «gobernu kolpea» salatu, eta Barnierren gobernua zentsuratzearekin mehatxu egin dute. EH Baik gaitzetsi du izendapenak ez duela uztaileko bozetan bozka emaileen gehiengoak erabakitakoa ordezkatzen. Eskuin muturra baikor agertu da, haatik. Marine Le Pen RN alderdiko buruak begi onez ikusi du Barnierren izendapena, eta aukera bat ematearen alde agertu da. Izan ere, errepublikanoen eta macronisten babesa ez ezik, eskuin muturraren babesa beharko du lehen ministro berriak bere politikak aitzina eramateko.

Transformazioa eta zirkuitu laburrak aipagai Bastidan, JA-ren topaketetan

Departamenduko Jeunes Agriculteurs sindikatuko kideak Bastidan elkartu dira, Pirinio Atlantikoetako laborantza ganbarak bultzatutako topaketetan. Hirugarren urtea da hitzordu hau antolatzen dutela, eta aldi honetan, transformazioaz eta zirkuitu laburreko salmentari buruz gogoetatzeko baliatu dute hitzordua. Bastidarra esneki enpresan, berriki laborantzan plantatu diren dozena bat gazte bildu dira. Bi mintzaldirekin, bi laborantza eredutan ezarri dute arreta. Lehenik, Bastidarra enpresako buruak laborarien esnea transformatu eta merkaturatzeko sortu duen sistemaz solastatu da; eta ondotik, prozesu osoa bere kaxa garatzen duen Elgarrekin etxaldeak hartu du hitza.