Integrazio Batzordeak arranguraturik hasi du ikasturtea. Iaz, Frantziako Hezkuntza Nazionalak ez zituenez behar ziren diru laguntzak eman, 40.000 euro bere gain hartu zituen Integrazio Batzordeak. Aurten, ber laguntza zama mantendu du administrazioak, behar berriek sorrarazi kostuak kontutan hartu gabe. Ondorioz, 180.000 euro gehituko dira aurten Integrazio Batzordearen bizkar gainera. Bestalde, AESH langileen kontratu desegokiak salatzen dituzte. Asteko kontratua 23,5 orenekoa izanki, abantzu ezinezkoa da beharra duten ikasleez okupatzeko.
6,1 milioi turistek bisitatu dute Ipar Euskal Herria urte hastapenetik. Azken zortzi hilabete hauetan, iaz baino %2 bisitari gutxiago zenbatu dira, bereziki, Lapurdiko kostaldean. Turista gehienek gau bakarra iragaten dute gure artean, eta Baionako besta garaian da jende kopuru handiena hurbildu. Agorrilean 3,5 milioi bisitari ukan ditugu eta maiatzean abantzu bi milioi. Daniel Oltzomendi, Euskal Elkargoko turismo arloko presidenteordearen ustez, agorrileko lehen hamabostaldiaren salbuespenarekin, turismoak ez du tokiko populakuntza trabatzen.
HIESA, hepatitisa edota sexu bidezko infekzioak detektatzeko eta diagnostikatzeko zetro berria ireki dute Donapaleun. Buruilean ireki ditu ateak Amikuzeko CEGIDD egitura berriak, eta asteartero izanen da zabalik. Detektatzeaz harago, prebentzio lana egitea du xede. Horretarako informazioa eskaini eta kontzientziazioan sakontzeko lana eginen du. Zerbitzu guztiak urririk eskaintzen ditu, eta erabat anonimoa da.
Aldak etxebizitza baten alokairuaren igoera ilegala salatu zuen atzo Lehuntzen, herriko auzapezaren sostenguarekin. Alokairua behar litzatekeena baino 111 euro gehiago kostatzea salatu dute. Aldak jasotako informazioen arabera, alokairua 840 eurotik 980 eurora pasa da urtebetez, %16 igo da. Lehuntzeko auzapezarekin batera, Euskal Hirigune Elkargoak botere gehiago izan dezan eskatzen du Aldak. Elkargoak onartutako etxebizitza turistikoen alokairuen mugatzeko neurria etxebizitza guztietara zabaltzea nahi dute.
Baionako karrikako arteen festibala urriaren 16tik 20ra ospatuko da. Lapurdiko hiriburuaren horma, zubi eta eskaileretan, eta bi aste lehenago, Ipar Euskal Herri barnealdeko bi herritara hedatuko da, Sohütara eta Ahurtira. Aurten, antolatzaileek, hamahiru artistei zuri eta beltzez lan egitea proposatu diete. San Izpiritu Zubian, Didam museoan edo Pausa guneko murruetan kokatuko dira obrak. Barnealdean, aldiz, Sohütako Ikastolaren hormetan lanean ariko da LadyBug artista, inklusioa eta parekotasuna gaien inguruko obra bat tindatzeko.
- Miren Barandiaran: «Historia ofizialetik at gelditu den material asko dugu Lazkaoko artxibategian»
- Emazte artistek berriz hartuko dute oholtza, Urruñako Emeki festibalean
- Baionako ospitaleko langileek aparkaleku gehiago galdegiten dituzte
- Amaia Fontang: «Kontrola, kanporaketak eta kriminalizazioa. Hori da etorkinen geroa gobernu berriarekin»