Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko. Xarnegu eskualdeko herritarrek azken aldikoz eskainiko dute muntatu duten pastorala. Bi emanaldi eskainiko dituzte larunbatean eta igandean, arratsaldeko 15:30etan. Bastidan egin zituzten lehen bi emanaldi arrakastatsuak iragan ekainean. Euskara eta gaskoiera baliatzen dituen lehen pastorala izan da. Maider Mourgiart eta Paul Laborde pastoraleko partaideen arabera, inportantea zen Xarnegu eskualdeko bi mintzairak balioan ematea.
Aurelia Arkotxaren testuak, ahoz gora irakurririk Hendaian. Hendaiako Akelarre elkarteak ikerle, idazle, euskaltzain eta irakaslearen idazkiak hartu ditu ardatz aurtengo irakurraldi publikoak. 2010etik 2019ra egin bezala, ekimen hau berrartu du Akelarre elkarteak bere 50. urteurrena ospatzeko. Irakurraldian 80 herritar inguruk hartu dute parte, lau orduz, bata bestearen segidan irakurriz. Azaroaren 23an eginen dute Akelarre elkartearen urtemuga besta.
Kontzertua eskainiko du Errobi talde mitikoak Baionan, Gara eta Mediabask hedabideekin partaidetzan.Bere 25 urteak ospatuko ditu Gara egunkariak, eta 10 urteak Mediabask agerkariak. Errobi desegin zenetik, Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk elkarrekin Ipar Euskal Herrian emanen duten lehen kontzertua izanen da. Errobirekin batera Patxaranga eta Xutik taldeak ariko dira azaroaren 29an, Baionako Lauga gelan. Sartzeak irailaren 23tik aitzina salgai ezarriko dituzte.
'Oskaxe' ikusgarria estreinatu du Zohardia elkarte xiberotarrak. Oskaxeko saretegietako paisa ederren artean kokaturik, ikusle andana elkartu zituzten antzezlan honen lehen bi emanaldiak iragan asteburuan, eta azken antzezpen bat ere eskainiko dute buruilaren 21ean. Artzaintza eta ehiza hartu dute ardatz nagusi gisa Dominique Epherre eta Frantxoa Caset, antzezlanaren idazleek. Pasarte umoretsu eta tokiko istorioez gain, kantuek osatzen dute ikusgarria.
Euskal Artzainak Ameriketan 2011n sortu elkartea da, eta Nafarroan du egoitza. Bere helburu nagusia AEBetan "Euskal artzain" gisa ezagutzen direnen bizi moldea eta lan baldintzak zabaltzea da, hots euskal artzainak nola bizi izan diren, nola lan egin duten eta nola itzuli diren. Berriki, Nafarroako gobernuak 15.000 euroko diru laguntza eskaintzen dio Ameriketako artzain elkarteari eta horrekin ibilbide baten osatzeko xedearekin dira. Laura Igantzi Ameriketako artzainen elkarteko presidentea gure goiz berriko gomita dugu.