Iruñearen eta euskal Y-aren arteko AHTaren loturak eztabaida piztu du

Ezkio ala Gasteiz. Gipuzkoako eta Arabako aldundiak buruz buru ezarri ditu euskal Y-aren eta Nafarroaren arteko loturak. Erabakia Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskutan da, eta hautua aurten egitea da asmoa. Bi trenbideek Ezkion bat egitea lehenesten du Eusko Jaurlaritzak Imanol Pradales lehendakariak berriki argitu duen bezala; haatik, Gipuzkoako EAJ arranguraturik da, Madrilgo gobernua Gasteizko ibilbidearen alde ari dela irudi baitu. Bi lurralde horietan jeltzaleek dute aldundiaren lehendakaritza, eta ondorioz, gai arantzatsua bilakatu da alderdiaren barnea.

4.300 ikasleren heina gaindituko du Seaskak ikasturte honetan

Iaz baino ehun ikasle gehiagorekin egin du sartzea Seaska federazioak. Ondoko hilabeteetan sartuko diren bi urteko ikasleekin 4.300 ikasleren heina gaindituko du. Lehen mailan emendatzea 33 ikaslekoa da, baina azpimarragarriena Etxepare lizeoan da. 536 gazte sartu dira aste honetan Baionako lizeoan. Bertan handitze lanak egin beharko dituzte, eta jadanik prefabrikatuak gehitu dituzte. Bigarren lizeo bati buruz gogoetatzen ari dira. Bestalde, EEP Euskararen Erakunde Publikoa, Hezkuntza Ministerioa eta Seaskaren arteko akordioa 2022ko agorrilean bururatu zen. «Euskarak helburu berrien araberako politika publikoak behar» dituela salatu du Seaskak.

Panpa-belarren «inbasioa» geldiarazteko deia, udazken honetan

Kolore zuhail batekin eta axeri buztan itxurarekin duen landarea da panpa-belarra, hainbat ezteietan apaingarri gisa ikusi daitekeena. Alta, 2023ko martxoaren 2tik inbaditzaile gisa sailkatua den landare exotiko hau saltzea, baliatzea edota ukaitea ere fermuki debekatua da Frantziako estatuan. Izan ere, Argentinako Panpa eskualdetik jindako landare hau biziki fite hedatzen ahal da, milioika hazi sortu eta haizeak urrunera zabaltzen baitu. Orain da hain zuzen, kontra egiteko mementoa. CEN Akitaniako Espazio Naturalen behatokiak, panpa-belarra mozteko deia zabaldu du.

Mikel Mundiñano: «Salbuespen politika batean oinarritzen da oraindik euskal presoen egoera»

148 euskal preso politiko gelditzen dira espetxean oraindik. Bost euskal preso politiko dira gaur egun Frantziako presondegietan, eta 143 Hego Euskal Herriko presondegietan. Horietatik 126 gizonak dira eta 22 emazteak. Sare, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko plataformaren datuak dira. Presoen hurbilketa kasu gehienetan erdietsia izan denez, orain, Hegoaldeko presondegietan kondena betetzen ari diren presoen baldintzak hobetzea du xede Sarek. Mikel Mundiñanok dioenez, euskal presoen egoera oraino «ez da normalizatua». Preseski, horren ondorioz, preso zenbaitek «ezin dute haien etxeratze prozesua gauzatu».

Hegalaldia basanimalien zaintza-zentroa, estutasun ekonomikoetan

Langileak kanporatu edo animalia guttiago salbatu? Hegalaldia elkartearen geroa lanjerrean. Basanimaliak zaintzen dituen Uztaritzeko zentroak 40.000 euroko diru bilketa abiatu du. Azken urte hauetan goiti egin duten gastuei eta animalia kopuruari ezin diete gehiago buru egin. Duela hogei urte bostehun animalia artatzen zituzten urtean, iaz abantzu 3000 izan ziren. Tokiko eragileen diru laguntzari esker bizi da gaur egun zentroa baina ez da nahikoa. Langile taldea murriztu edo animalia guttiago artatzearen arteko hautua egin beharko du diru bilketa ez badu betetzen. Bestalde Hegalaldiak, Frantziako Ingurumenaren ministerioaren 3000 euroko laguntza biziki eskasa dela salatu du. Hegalaldia laguntzeko hemendik egin dezakezu.