Baionako zitadelan proiektu berriak ditu armadak. Eraikin berriak egin nahi ditu eta horretarako oihanaren zati bat deseginen dute eta ura atxikitzeko bi gune ere sortu nahi dituzte. Cade elkartea arranguraturik agertu da, eraikuntza proiektuarekin. Izan ere, bultzatzailea Frantziako armada izanki, ez da herritarrak galdekatzeko betebeharrik. Berdeguneak errespetatzea galdegin du ingurumenaren aldeko elkarteak, baita Aturrira isuriko diren uren azterketa zorrotzagoak egitea ere. Irailaren 20an bururatuko da inkesta publikoa, eta Cadek dei zabala luzatu du herritarrek oharrak egin ditzaten.
Bilaka kolektiboaren lan berria lehenaldiz Ipar Euskal Herrian ikusgai. "Ilauna" izeneko sorkuntza eskainiko dute lau dantzari eta bi musikari parte hartzaileek, Temps d’Aimer la Danse festibalaren kari, irailaren 13an Miarritzeko Atabal gelan. Bilaka eta Adar musikari bikotearen arteko sorkuntza izan da, euskal dantza eta musika tresna gaskoien arteko nahasketa eginez. Bizitza eta gauzen joankortasuna gogoan hartuz sortu dute dantza ikusgarri hau, Gau Beltzaren erritualetik eta neguan sartzearen ibilbidetik. Miarritzeko hitzorduaz gain, beste emanaldi bat ere iragarri dute azaroaren 15an, Luhuson.
Energia zirkuitu laburrak, lurren artifizializazioa edota indarkeriarik gabeko ekintzen irakaspena. Gai horiek eta gehiago jorratuko dituzte Bizi mugimenduaren klima egonaldian, Mugerren. Irailaren 12tik 15era, hogei formakuntza eta mahai-inguru eskainiko dituzte, aisialdi eta kultur eskaintza ahantzi gabe. Xabier Harluxet antolatzaileak azaldu duenez, Bizi mugimenduaren 15 urteak ospatzeko baliatuko dute hitzordua. Zentzu horretan, besta izanen da nagusi larunbat arratsean Foisis Jaunak, Elektruka eta Fraggle musika taldeekin.
Zazpi egunez 50 jarduera eskainiko ditu Mintzalasai festibalak hogei gunetan. Irailaren 16an abiatuko da aurtengo egitaraua, eta irailaren 22ra arte luzatuko da. Usaian bezala, hitzordu gehienak Miarritzen iraganen dira, baina aurten indar berezia eginen dute Baionan, eta ekimen bat ere Angelun eginen dute. Familian eta lagunartean gozatzeko egina den festibal honetan ezagutza berriak egiteko, gogoetatzeko eta kulturaz gozatzeko parada izanen da, euskaraz. Hamahirugarren edizio honetan, gainera, Jasone Salaberria eta Jean Mixel Larrasket omenduko dituzte. Marion aintzirako besta handiak emanen dio bukaera Mintzalasairi.
Itsas abentura zirraragarri bat abiatu da asteazken honetan Angeluko portutik, Brasileraino. Sei hilabetez, Heol espedizio zientifikoak hiru kontinenteko urak nabigatuko ditu. Hiru lagunek osatzen dute espedizio taldea, eta itsas ingurumenaren inguruko ezagutza eta kontzientziazioa azkartzea dute xede. Baliabide berritzaileen bidez itsas ugaztunen egoera eta mugimendua, itsasoko bioaniztasuna kaltetzen duten sargazo itsas-belarren ugalketa eta zooplanktona babesteko bideak ikertuko dituzte. Espedizioan zehar, Mauleko eta Urdiñarbeko CM1-CM2 mailetako ikasleekin harremanetan izanen dira bideokonferentziaz, ikertutakoaren berri emateko. Abenturak 35.000 euroko aitzinkontua du, eta parte handienean, autofinantzaketaren bidez erdietsi dute.
- Jon Olazkuaga: «Elkarte sare buru gisa, Maritzulik laguntza eskaintzen ahalko die beste dantza elkarteei»
- 2.700 euroko zigor ekonomikoa euskararen aldeko ekintza batzuen harira
- Baigorriko ondarea argitara eman nahi du herriko etxeak
- Xiberoako artaldeen zintzarri hotsak, soinu-erakusketa artistiko batean bildurik